Arroa Bira egingo dute azaroaren 6an

Julene Frantzesena 2022ko urr. 31a, 13:00

Txangoa oinez egin nahi dutenek bi ibilbide izango dituzte aukeran: hamalau kilometrokoa eta 5,7 kilometrokoa. Gainera, ibilbide luzea bizikletaz ere egin ahal izango dute herritarrek.

Ezkaizto auzo elkarteak antolatuta, Arroa Bira egingo dute datorren igandean, azaroaren 6an. Herritarrek oinez nahiz bizikletaz egin ahal izango dute ibilbidea, eta oinez egin nahi dutenek bi ibilbide izango dituzte aukeran: luzea eta motza.

Ibilbide luzea hamalau kilometrokoa izango da, eta 09:00etan Arroa Beheko plazan elkartuko dira parte hartzaileak. Txangoa bizikletaz egin nahi dutenek ere ordu eta leku berera agertu beharko dute. Ibilbide laburra egingo duten kideak, berriz, 10:30ean ekingo diote ibilaldiari, plazatik; 5,7 kilometroko bidea egingo dute horiek.

Plazatik abiatuta, Mardu, Urain gaina, Olaberri, Arroa Goia, Ibañarrieta, San Lorente eta Agote igarota iritsiko dira ibilbide luzea egiten duten mendizaleak bueltan Arroa Behera. Ibilbide laburra egiten dutenak, aldiz, Arroa Beheko plazatik igoko dira San Lorentera, eta Agote igarota itzuliko dira berriz ere auzora. Parte hartzaile guztiak San Lorenten elkartuko dira, eta han hamaiketakoaz gozatu ahal izango dute.