Azaroaren 20an itzuliko da elkarte arteko jaurtiketako arrantza lehiaketa

Jabi Gonzalez Toston 2022ko urr. 30a, 14:00

Anadek antolatutako txapelketa 2019an egin zuten azkenekoz eta pandemiak behartutako etenaldiaren ondoren, bueltan da. 67. edizioa izango da eta segurtasun neurri bereziak hartuta egingo dute.

Elkarte arteko 67. jaurtiketako arrantza lehiaketa azaroaren 20an egingo da bi urteko hutsunearen ondoren. Anade ehiza eta arrantza elkarteak jakinarazi duenez txapelketa atzera berriro antolatzea erabaki du "gaur egungo egoera aztertuta eta iruditzen zaigu posible izango litzatekeela segurtasun neurri bereziak hartuta". Elkarteak Gipuzkoako federazioari ere eskatu dio baimena.

Gauzak horrela, igande goizez arituko dira arrantzaleak 08:30tatik 13:00etara hainbat puntutan. Arrantza eremuak honako hauek izango dira: Arranplatik paol muturrera; Itzurun hondartza eta Orroaga ingurua. Arrantzaleetako bakoitza non hasiko den zozkatu egingo da, baina postu libreetara mugitzeko aukera ere izango dute ondoren.

Izen ematea e-postaz egin daiteke eta nahitaezkoa da arrantza-baimena izatea. 140 parte hartzaile inguru espero dituzte antolatzaileek.