"Turismoa, Zumaia eta flyscha baino gehiago da Geoparkea"

Juan Luis Romatet-Gipuzkoako Hitza 2022ko urr. 29a, 09:26
Leire Barriuso, artxiboko irudian.

Leire Barriusok hamar urte daramatza Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerente lanetan. Turismoa, ikerketa, dibulgazioa... alor asko ukitzen ditu geoparkeko lanak. Eibar futbol klubeko zuzendaritzako kidea ere bada. Atzo, ostirala, elkarrizketa hau argitaratu zuen Gipuzkoako Hitza astekariak.

2010ean sortu zuten Euskal Kostaldeko Geoparkea, eta bi urte geroago hasi zen Leire Barriuso Astigarraga (Eibar, 1970) hartan gerente. Zumaia eta Deba arteko labarrengatik eta inguru horretako fenomeno geologikoagatik, flyschagatik, egin da geoparkea ezagun mundu zabalean. Baina hori baino gehiago dela dio Barriusok. Azken egunotan, Geologia Zientzien Nazioarteko Elkarteak (IUGS) Zumaian antolatu duen kongresua prestatzen aritu da, buru-belarri. Futbolerako zaletasuna ere barruraino sartuta dauka. Jaime Barriuso Eibarreko presidente izandakoaren alaba da, eta Eibarren zuzendaritza batzordeko kidea da 2017tik.

Unescoren sareko kide izatea ziurtatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak beste lau urterako. Urte hauetan guztietan egindako lana ikusita, erabakia ez zen ezustekoa izango…

Egia da espero genuela, etxeko lanak ondo eginda baikeneuzkan. Lau urteko lana da hau; lau urte horietan lanik egiten ez baduzu, saretik kanpo geratzeko arriskua dago. Baina lau urteotan jarduera pila bat egin ditugu, gure estrategiako lan ildoari eutsi diogu, eta ez genuen bestelakorik espero. Epaile batzuk zorrotzagoak izaten dira, ordea, eta, bisitaren arabera, estuagoak izan daitezke, nahiz eta berez irizpideak bete.

Ez duzue izan ospatzeko aukera handirik. Izan ere, berehala murgildu zarete geologia kongresu baten antolaketan.

Hemen ez daukagu atseden hartzeko astirik. Urriaren amaieran IUGS nazioarteko erakundearen kongresu bat hartzen ari gara hemen, Zumaian. Elkartea 60. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta ondare geologikoko lehen ehun lekuak aurkeztu dituzte hemen, Euskal Kostaldeko Geoparkean. Bost kontinenteetako berrehun aditu inguru etorri dira. Azken egunean, gainera [ostirala], Lurraren zientziaren aldeko deklarazioa irakurriko dute Itzurun hondartzan. Oihartzun handiko ekitaldia izango da nazioartean.

Aurrez ere ekitaldi garrantzitsu asko hartu dituzue Geoparkean. Munduko leku txiki honetan baduzue halako kongresuak antolatzeko abilezia…

Egia esan, gustatzen zaigu halako gauzak antolatzea. Guk nahi dugun promozioa egiteko, hau da, zientziaren eta ikerketaren munduan promozioa egiteko, oso modu egokia da hau. Lekuak ere asko laguntzen du. Kanpotar batentzat ez da berdina Zumaiara etortzea, hemengo paisaiarekin, edo beste leku batera joatea. Beraz, horretarako oinarria badaukagu. Guretzat, uste dut estrategia polita dela Zumaia edo Geoparkea bera mapan ipintzeko eta promozioa egiteko; ez bakarrik promozio turistikoa, baizik eta guk defendatzen dugun promozio hori, zientziari eta ikerketari lotutakoa.

Arlo pertsonalean, halako ekitaldi handiak antolatzeak loa kentzen dizu, edo urteekin ohituz joan zara?

Sekula ez gara ohitzen; beti egoten da tentsio pixka bat, baina horrek lagundu egiten du gauzak ondo egiten. Badakigu zer gauza diren garrantzitsuak, eta badakigu gauzak aurretik eginda ondo aterako direla. Beti egoten dira azken orduko gauza txikiak; gainean egon behar da, baina tira…

Irakurri elkarrizketa osorik.