Zumaian sinatu dute Geologia Zientzien Nazioarteko Elkartearen adierazpena

Jabi Gonzalez Toston 2022ko urr. 28a, 19:08
Zumaiako adierazpenaren sinatzaileak eta IUGSren kongresuan parte hartu duten ordezkariak, gaur eguerdian Itzurun hondartzan. (Gorka Zabaleta)

Lurraren Zientziek XXI. mendeko ingurumen erronkei aurre egiteko duten garrantzia nabarmendu du Zumaian sinatu eta irakurri den adierazpenak. Munduko ondare geologikoaren lehen 100 interesguneak ere zerrendatu dituzte aste honetan egindako kongresuan. Flyscha horien artean da, eta hala erakusten duen plaka inauguratu dute Itzurungo hondartzan.

"Geologia Ondarea behar bezala katalogatzea eta kontserbatzea". Hori da Geologia Zientzien Nazioarteko Elkarteak (IUGS) Itzurungo hondartzan sinatutako Zumaiako Adierazpenean hartutako konpromiso nagusia. Horretarako, hainbat helburu ere finkatu dituzte: "munduan garrantzi zientifiko handiena duten lekuak identifikatzea eta ezagutaraztea" edota "geologia-ondarea eta geodibertsitatea ardatz duten ekimenen eta nazioarteko organo guztien arteko lankidetza sustatzea".

Ane Zabaleta geologoa eta Asier Hilario Geoparkeko zuzendaria adierazpena euskaraz irakurtzen.
 

Edonola ere, Zumaiako adierazpena aldarrikapena ere badela esan du Stanley Finney IUGSko idazkari nagusiak: "Gure ondare geologikoa zaintzearen garrantziari buruzko deklarazioa” dela azpimarratu du. Asier Hilario Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeko eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko Zuzendari Zientifikoak, bere aldetik, azpimarratu du "ikerketaren aldeko apologia" ere egiten duela idatziak: "Oinarrizko ikerketaren alde egitearekin ere badu zerikusia. Izan ere, geologiako eta beste edozein zientziatako oinarrizko ikerketa funtsezkoa da sistemak nola funtzionatzen duen ulertzeko".

Hilario izan da, hain justu, adierazpenari ahotsa jartzeaz arduratu den ordezkarietako bat. Ane Zabaleta geologo zumaiarra izan du alboan, eta bien artean egin dute irakurketa euskaraz. Aurrez ingelesez irakurri dute nazioarteko elkarte zientifiko anitzetako ordezkariek.

Markel Olano, Arantxa Tapia eta Iñaki Ostolaza, ekitaldiaren oroigarria jendaurrean aurkeztu berri.

 

Zumaiako adierazpenaz gain, munduko geologia ondarearen lehen 100 interesguneen zerrenda ere aurkeztu dute IUGSaren 60. urteurren ospakizunekin amaitzeko. Izendatuen artean, Zumaiako Flyscha dago eta plaka bat ere jarri dute Itzurunen hori erakusteko. Iñaki Ostolaza alkatea gustura azaldu da inaugurazioan izendapen honek Zumaia munduan kokatzen duelako. Halaber, udalak Zumaiako adierazpena bere egiten duela ere nabarmendu du alkateak: "Udaletik hasita eta beste erakunde guztietara zabaltzeko konpromisoa adierazpenean zehaztutako oinarrien gainean lanean jarraituko dugula hitz ematen dizuet, Zumaian dugun ondare geologikoa babestu eta ezagutarazteko".

Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, eta Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia ere izan dira munduko bost kontinentetako berrehun zientzialari inguru bildu dituen kongresuaren amaiera ekitaldian. Kasu honetan ere, biak ala biak atxikitu dira adierazpenera. "Ondare geologikoa kontserbatzea ezinbesteko da klimaren eta biodibertsitatearen krisiari aurre egiteko" adierazi du Tapiak. Olanok, berriz, "Geoparkeak erakusten digu oreka egon daitekeela kontserbazioaren, gozamenaren eta naturaren azterketaren artean".

Hemen irakurri daiteke IUGSren Zumaiako Deklarazioa.

Hemen ikus daitezke egun hauetan Aita Marin eta Oxforden aurkeztu diren hautagaitza guztien hitzaldiak (ingelesez dira denak).