Zarautz Pro txapelketa irabazi du Janire Gonzalez-Etxabarrik

Juan Luis Romatet 2022ko urr. 24a, 10:41

Atzo jokatu ziren txapelketako finalak, eta zumaiarra nagusi izan zen open kategorian. 

Pro Zarautz surf txapelketa bost egun iraun baditu ere, azken egunera arte zain egon behar izan da irabazleen izenak jakiteko. Berez, larunbat arratsaldean jokatu behar ziren open kategoriako finalak, gizonetan zein emakumeetan, baina itsasoaren egoeragatik txanda horiek igandera mugitzea erabaki zuten antolatzaileek.

Open kategoriako irabazlea, emakumeetan, Janire Gonzalez-Etxebarri zumaiarra izan zen; Laine Fernandezek bigarren postua lortu zuen, Saioa Ortegak hirugarren postua eta Nora Alvarezek laugarrena.

Europako WSL txapelketa irabazi berri duen Gonzalez Etxabarri gustura zegoen lortutako garaipenarekin. "Beti da gustukoa etxean irabaztea. Gaur [igandeagatik] ez ditugu larunbatean bezalako olatuak izan, baina ondo egon da. Gainera, egun hauetan hemen egon den giroa izugarria izan da. Futbol partida bat zirudien batzuetan", azaldu du zumaiarrak. Berez, datorren urtarrilera arte ez du Gonzalez-Etxabarrik beste txapelketarik jokatuko, baina horrek ez du esan nahi atsedenaldirik hartuko duenik. "Hawaiira noa orain eta seguru han ere olaturen bat hartuko dudala".