Ondare geologikoko munduko lehen 100 lekuak aurkeztuko dituzte datorren astean Zumaian

Juan Luis Romatet 2022ko urr. 22a, 10:48
Kongresuarekin batera erakusketa zabaldu dute Oxford aretoan. Argazkia: Juan Luis Romatet

Geologia Zientzien Nazioarteko Elkarteak (IUGS) ondare geologikoko lehen 100 lekuak aurkeztuko ditu datorren astean Zumaian egingo duen kongresuan. Ehun leku horien artean dago Zumaia eta Deba arteko flyscha. 

IUGSren ondare geologikoko lehen 100 lekuak (The First 100 IUGS Geological Heritage Sites) aurkeztuko dira Euskal Kostaldeko Geoparkean datorren astean, urriaren 25etik 28ra bitartean egingo den kongresuan. "Geoparkerentzat ohorea da interes geologikoko toki hauen inbentarioa ezagutzera emateko munduko geologo adituenak ekarriko dituen nazioarteko ekitaldi honen anfitrioia izatea" azaldu du Asier Hilariok, Geoparkeko zuzendari zientifikoak.

Geologia Zientzien Nazioarteko Elkartea (IUGS) munduko zientzia-erakundeak 121 herrialdetako kideak ditu, milioi bat geozientzialari baino gehiago, eta arlo horretako mundu mailako erakunde garrantzitsuenetakoa da. Kongresuaren antolatzaileek azaldu dutenez, "IUGSren ondare geologikoko lehen 100 lekuen iragarpena izango da mundu osoko leku geologikoak izendatzeko ahaleginaren abiapuntua. Leku horiek ikonikoak dira, eta komunitate geozientifiko guztiak aintzat hartuko ditu, Lurra eta haren historia ulertzeko duten eraginagatik".

IUGSren Ondare Geologikoko Leku bat nazioartean "garrantzi zientifikoa duten elementu edota prozesu geologikoak dituen ingurunea da, erreferentziazkoa dena eta historian zehar geologia-zientzien garapenari ekarpen nabarmena egiten diona". Zerrenda horren barruan daude, esaterako, Hego Afrikan dauden Lurreko arroka zaharrenetako batzuk, Almadengo merkurio-meatzeak, La Palmako erliebe bolkanikoa, Australiako eta Txinako bizitza primitiboko arrastoak, Kanadako dinosauroen fosil-hondar onenetako batzuk, Tanzaniako lehen hominidoen garapenaren lehen aztarnak, Everest mendiaren gailurreko itsas arrokak, bai eta zenbait leku enblematiko ere, hala nola Arroila Handia (AEB), Perito Moreno glaziarra (Argentina), Santoriniko galdara (Grezia) eta Uluru (Australia). Zumaia eta Deba arteko flyscha ere zerrendan sartu dute Lurreko azaleratze estratigrafiko ikusgarrienetakoa delako.

Zerrenda hemen ikus daiteke.

Ehun kokaleku horien hautaketan berrogei herrialdetako 250 adituk eta Lurraren zientzietako hainbat diziplinetako hamar erakundek hartu dute parte. 56 herrialdetako 186 hautagai proposatu zituzten, eta galbahe lanak egin behar izan zituzten kopurua ehun lekutara mugatzeko. Zerrenda datorren astean Zumaian egingo den kongresuan erakutsiko dute. 

Erakusketa Oxforden

Kongresua hartzearekin batera, Munduko Lehen 100 Geologia interesguneak erakusketa ere zabaldu dute Alondegiko Oxford aretoan. Erakusketa hau azaroaren 6ra arte izango da zabalik, egunero, 18:00etatik 20:00etara bitartean.