Itsas Kirol Poloa proiektua aurkeztu du Urola Kostako Udal Elkarteak

Gorka Eizagirre 2022ko urr. 21a, 15:30

Orion, Arraunetxen egin zuten aurkezpena atzo arratsaldean udal elkarteko, Foru Aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkariek, eta bertan izan ziren eskualdeko hainbat alkate eta eragile ere. Egitasmoa eskualdearen garapenaren "ikur eta motore" izatea nahi dute, eta bi helburu ditu: sektorea profesionalizatzea eta itsas kirola erreferentea izatea eskualdean.

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) Itsas Kirol Poloa proiektua aurkeztu zuen atzo arratsaldean Orioko Arraunetxen. Bertan izan ziren udal elkarteko, Foru Aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkariak, eta baita eskualdeko hainbat alkate eta eragile ere.

Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariak esan zuen bi helburu dituela egitasmoak: sektorea profesionalizatzea batetik, eta itsas kirola eskualdean erreferentea izatea, bestetik.

Atzoko ekitaldia agintarientzat eta komunikabideentzat izan zen, eta aurkezpenaren ondoren, mahai ingurua egin zuten hainbat kirolari eta enpresarirekin. Aurrerago, berriz, UKUEren asmoa da herritarrentzako aurkezpenak egitea herriz herri.