Duela bost urte baino euskara gutxiago entzuten da Zumaiako kaleetan

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 20a, 16:28
Herritar dezente bertaratu zen atzo Oxford aretora, bi neurketen emaitzak entzutera. (Aitziber Arzallus)

Soziolingustika Klusterrak hizkuntzen kale erabileraren neurketa egin du Zumaian, eta emaitzek diote elkarrizketen erdiak direla euskaraz; duela bost urte baino gutxiago da hori. Gainera, adin tarte guztietan nabaritu dute jaitsiera. Larraina euskara elkarteko kideek, berriz, HH5eko, LH4ko eta LH6ko haurren euskararen erabilera behatu eta neurtu dute. Ikusi dute eskolari lotutako eremuetan ia dena euskaraz egiten dutela; etxean, ostera, askoz gutxiago. 

Zumaian kalean entzuten diren elkarrizketen %50,8 euskaraz dira. Hori da Soziolinguistika Klusterrak udalaren eskariz egindako hizkuntzen kale erabileraren azken neurketaren emaitza nagusia. Duela urtebete egin zuten neurketa, 2021eko irailaren 18tik urriaren 16ra, zortzi egunetan. Klusterrak Zumaian egindako laugarren neurketa izan zen iazkoa, eta euskararen erabileraren datua aurreko hiruetan baino eskasagoa izan da. 2006an egindako lehen neurketan, %56,4 izan zen euskararen erabileraren datua; 2011n, %52,8koa; eta 2016an, %57,9koa.

Soziolinguistika Klusterreko neurtzaileek udalarekin adostutako hiru ibilbidetan egin zituzten entzuketak: Amaiako plazatik Parolaldera, Basadi aldean eta  erdialdean. Ibilbide bakoitzean bina orduko sei entzunaldi egin zituzten; denera 36 ordu, beraz. Kalean entzundako elkarrizketak zer hizkuntzatan ziren (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo beste hizkuntzaren batean), solaskideen sexua eta adin tartea, eta entzundako elkarrizketetan tartean haurrik bazen ala ez; horiek dira neurtzaileek jaso zituzten datuak, Klusterraren ohiko metodologia jarraituz. Horrela, 2.242 elkarrizketa eta ia 6.500 solaskideren hizketaldiak entzun zituzten, aurreko hiruretan baino gehiago, eta neurketaren errore tartea ere txikiagoa da oraingoan (%1,2).

Soziolinguistika Klusterreko Maider Iñarrak aurkeztu zituen atzo Zumaiako 2021eko hizkuntzen kale erabileraren neurketaren datuak, Alondegiko Oxford aretoan, jendaurreko ekitaldian. Zumaiako Udalak "berariaz" eskatutako neurketa Klusterrak Euskal Herri osoan egindako euskararen kale erabileraren neurketaren eta azterketaren barruan kokatzen dela gogoratu zuen Iñarrak. Azterketa orokor horren emaitzak joan den udaberrian eman zituen Klusterrak, eta horiek laburtzen dituen bideoarekin hasi zuen asteazkeneko saioa Iñarrak.

Joera orokorraren ildotik

Hain zuzen ere, Zumaiako datuak neurketa orokorraren emaitzen ildo beretsutik doaz. Izan ere, Euskal Herrian euskararen kale erabilera aurreko neurketalditik mantendu egin dela, baina eremurik euskaldunenetan behera egin duela azaleratu du neurketa orokorrak. Hirugarren eremu linguistikoa deritzonean kokatzen da Zumaia, euskaldunen kopurua %50etik %75ra artekoa den udalerrien artean. Eremu horretan, %37,4koa da euskararen batez besteko kale erabilera, Zumaiakoa baino dezente txikiagoa; aldiz, Urola Kostako batez bestekoaren (%63,7) oso azpitik dago Zumaiakoa. 

Neurketen unean, Zumaiako kaleetako solasaldien erdiak euskaraz izan ziren, eta ez zuten alde esanguratsurik nabarmendu entzuketak egindako eremuen artean; hori bai, hiru eremuetan entzun zuten duela bost urte baino euskara gutxiago. Emakumeen (%50,8) eta gizonen (%50,9) artean ia ez dago alderik hizkuntzaren erabilerari dagokionez, eta horrek bai, Euskal Herriko joera orokorretik bereizten ditu Zumaiako emaitzak, azterketa orokorrak erakutsi baitu emakumeek euskara gehiago erabiltzen dutela gizonek baino.

Aurreko neurketarekin alderatuta, euskararen kale erabilerak adin tarte guztietan behera egin du Zumaian, baina haurrak (2 eta 14 urte artekoak), gazteak (15-24) eta heldu gazteak (25-44) dira euskaraz gehien hitz egiten dutenak. Entzundako haurren %70,3 ari ziren euskaraz, gazteen %66,6 eta heldu gazteen %60,3. Adin horretatik gorako herritarren artean, euskararen kale erabilerak nabarmen egiten du behera. Entzundako heldu nagusien (45-64) %36,2 eta adinekoen (64 urtetik gorakoak) %30,3 besterik ez ziren ari euskaraz.

Haurrek eta gazteek beraien adin beretsukoekin daudenean helduagoekin daudenean baino euskara gehiago erabiltzen dutela ere erakutsi dute kale neurketaren datuek, eta helduek haurrak tartean daudenean euskaraz gehiago egiten dutela ere bai; azken hori da joera orokorra Euskal Herri osoko datuetan ere. Helduen arteko elkarrizketetan, ostera, nabarmen egiten du behera euskararen erabilerak.

Oxford aretora bertaratu ziren herritarretako batzuek harriduraz hartu zituzten neurketak azaleratutako zenbait datu, eta ez onerako. Esaterako, Zumaiako euskararen kale erabilera datuaren berri eman aurretik, zenbatekoa espero zuten galdetu zien Iñarrak, eta %65 eta %80 artekoa erantzun zuten herritarrek; beraz, %50,8 dela entzutea ez zitzaien atsegina egin. 45 urtetik gorakoen artean euskararen kale erabilera zenbat jaisten den jakitea ere kezkagarritzat jo zuten batek baino gehiagok.   

Etxekoak eragina dute kalean

Maider Iñarrak Soziolinguistika Klusterrak Zumaian egindako neurketaren emaitzak aurkeztu ondotik, Larraina euskara elkarteko Ibon Manterolak eta Belen Urangak hartu zuten hitza beste neurketa baten emaitzak plazaratzeko. Izan ere, iazko ikasturtean, herriko bi eskoletako eta Oikiako eskolako HH5eko, LH4ko eta LH6ko haurren euskararen erabilera behatu eta neurtu zuen Larraina elkarteak, eta herenegun, azterketa horren emaitzak aurkeztu zituzten, Haurren euskarazko sozializazioa Zumaian 2021-2022 izenburupean. 

Ikerketa lanak bi parte izan zituela esan zuten, bata behaketa bidezkoa eta bestea galdeketa bidezkoa. Behaketa bidezkoan, 12.462 haurren hizketaldiak entzun zituzten, ondorioztatzeko %75,4k euskara erabiltzen dutela; nesken %80k eta mutilen %71,2k, hain zuzen. Ikasmailaren arabera, HH5ekoek euskara gehiago erabiltzen dute (%85,4) LH4koek (%62,1) eta LH6koek (%74,6) baino.

Galdeketa bidezko parteari esker jakin dute, berriz, eskolari lotutako eremuetan ia dena euskaraz egiten dutela haurrek, kalean jaitsi egiten dela erabilera, baina, dudarik gabe, etxea dela euskaraz gutxien egiten duten eremua. Etxean, gurasoek dute gaztelaniara jotzeko joerarik handiena, batez ere elkarren arteko elkarrizketetan, eta euskara gehiago erabiltzen dute haurrekin ari direnean. Etxean gaztelania entzuten duten haur horiek, kalean ere errazago jo ohi dute gaztelaniara.