Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF), Gipuzkoako udalen finantzaketarako iturri nagusiak, 587 milioi euro banatuko ditu 2022. urtean, aurreikusitakoa baino 18,4 milioi euro gehiago. Herri-dirubideen Euskal Kontseiluak ostiralean egindako batzarrean adostu zuen diru bilketa aurreikuspenak eguneratzea, eta atzo, astelehena, elkartu zen Gipuzkoako Finantza Kontseilua hainbat udal ordezkariri eguneratze horren berri emateko.
Finantzaketarako Foru Funtsetik 7.635.081 euro jasotzea aurreikusten zuen Zumaiako Udalak 2022. urtean, baina atzoko bileraren ostean jakinarazi zitzaion aurreikusitakoa baino 247.551 euro gehiago jasoko dituela. Zerga bilketa orokorraren igoeragatik jasoko du Gipuzkoako udal bakoitzak aurreikusitakoa baino kopuru handiagoa. Datorren urteko otsailean berriro elkartuko da Gipuzkoako Finantza Kontseilua, eta zergen bidez jasotako diru kopuru erreala zein den baieztatuko dute orduan.
Datorren urtean, berriz, aurreneko aldiz gaindituko du Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak 600 milioi euroko langa; izan ere, 609 milioi euroko aurreikuspena egin du funtsak datorren urterako. Ekitaldi honetan jasotzea aurreikusten dena baino %5,3 handiagoa izango da datorren urtean jasoko duten zenbatekoa. Hala, udalek baliabide gehiago izango dituzte beraien eginbeharretarako. 2023. urtera begira egindako aurrekontu aurreikuspenen arabera, Zumaiako Udalak 8.226.708 euro jasoko ditu UFFFtik, aurtengo itxiera aurreikuspena baino 344.076 euro gehiago. Hori horrela, biztanleko 813 euro jasoko ditu Zumaiak funts horretatik. Diru kopuru hori aintzat hartuta, udalak 2023. urteko aurrekontuak osatuko ditu.