Independentziaren aldeko aldarri ozena kalera atera dute

Maria Maya Manterola 2022ko urr. 15a, 19:07

'Herri duina ipar' leloa harturik, festa eta aldarrikapena uztartu dituzte Independentzia Egunean. Zumaiako ezker abertzalearen hitzetan, "herria askatzeko bidea herriarekin" egin nahi dutenez, harremanak sortzeko nahiz gozamenerako baliatu dute eguna.

Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko aldarria lau haizetara zabaldu eta, bide batez, harremanak sortu nahiz festa giroaz gozatzeko, Independentzia Eguna ospatzen ari dira Zumaian. Andoni Olariagak askapen prozesuaren inguruan emandako hitzaldiaren ondotik, Kofradian elkartu da zumaiar andana, Beñat Gaztelumendik eta Oihana Bartrak girotutako bertso bazkarian.

Arratsaldean, berriz, NAN arrotzen jaurtiketa egin dute Erribera kalean. Jarraian, Elektrotxorongo ibili da kalez kale, eta 21:30etik aurrera, Torreberriko aterpean jarraituko du festa giroak: Rukula, Kristonak eta Esther Sound System taldeen musika emanaldiak izango dira, ekitaldiaren ondoren.  

Egunarekin batera plazaratutako irakurketan, ezker abertzaleak azaldu du "garaiak eskatzen dituen egiturazko aldaketak" egin beharrean, "krisi garaietarako prestatzeko aholkatzen" aritu direla, "krisia betikoek ordain dezaten". Uzkurtu eta gotortu ordez, anbizioz aritzeko unea da, beren ustez: "Krisia egoera honetara ekarri gaituztenei ordainarazi behar diogu, bai, baina, hortik harago, egiturazko aldaketak behar ditugu. Izan ere, arriskuak handiak izanagatik, aukerak ere halakoak dira orain arte heldu gabeko eztabaida batzuk gure aldera ekartzeko: aberastasunaren banaketa, zaintza lanen demokratizazioa, burujabetza energetikoa…".

Euskal Herri sozialista, feminista, euskalduna, ekologista eta preso, iheslari eta deportatu politikorik gabea dute helburu, eta uste dute Euskal Herrian badirela baldintzak haranzko bidean jartzeko. "Dena erabaki eta dena aldatzeko", ordea, burujabetza ezinbestekoa dela uste dute: "Herri hau askatzea da gure bokazioa eta ezker abertzaleak bere buruari ezarri dion eginbeharra. Herri duin bat garatzeko eta haren biziraupena bermatzeko ezinbestekoa dugulako", adierazi dute.