Ekain Albiteren 'Haizearen egia', FiSahara jaialdian

Maria Maya Manterola 2022ko urr. 15a, 09:00
FiSahara jaialdiko artxiboko irudia.

Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuan da Albite, Maluta Films ekoiztetxeak eta Darahli elkarteak ekoitzitako Haizearen egia aurkezten. 

Ekain Albite zinema zuzendari zumaiarrak Haizearen egia film laburra FiSahara jaialdian aurkeztu du. Ostegunean eraman zuen laburmetraia Pantalla Desiertora, izarpean eta ehunka sahararren begiradapean. Tahar izeneko gazte baten istorioa du abiapuntu filmak; haurra zela Euskal Herrira etorri eta hamar urte beranduago jaioterrira itzultzean bertan topatutako egoerari aurre egin beharko dio. 

Albitek honako idatzia igorri du Tindufetik: 

"Izarrak gaueko errege erreginak dira hemen, desertuan. Saharan nago, Tindufeko Errefuxiatuen Kanpalekuetan. Ez da lehen aldia hona etortzen naizena, hala ere, oraingo honetan, hemengo errealitatea ezagutzeaz gain Haizearen egia, kanpalekuetan bertan grabatu genuen laburmetraia aurkeztera etorri naiz FiSahara zine jaialdira. FiSahara desertuan eta baldintza oso urrietan ospatzen den zine jaialdia da. Horrek ez du esan nahi baina, zine jaialdi hau besteak baino okerragoa denik ez pentsa, izan ere, baldintza gutxi dituzunean irudimenak ikaragarrizko gauzak sor ditzake. Zer pentsa dezakezue pelikulak trailer baten lateralean proiektatzen direla esaten badizuet? Edo hitzaldi eta mahai inguruak haimen barnean te eta saharar musika artean egiten direla kontatzen badizuet? Zer pentsatu jaialdiaren irekiera ekitaldian gamelu karrera bat ikusi genuela esanez gero? Hori baita FiSahara jaialdiaren arima, zineaz gozatzeaz gain, bertako kultura eta identitateaz gozatu ahal izatea. 17 edizio baitaramatzate desertu gordinera zinea ekarriz. Brahim Chagaf, zinemagile sahararrak dioen bezalaxe: "sahararrak zinemarengana iritsi ezin direnez, zinema haiengana iritsi da". Eta halaxe jarraitzen dute, bizirautearekin lanak dituen herri honek borrokan jarraitu du zinea ere hain herritarrengana hurbiltzeko, jakin badakitelako elikatu behar den bakarra ez dela gorputza, arimak, kulturak eta haien identitateak ere biziraun behar duela. Hori da FiSahararen arrakastarik handiena, gizartea zinearen inguruan biltzea, haien herriaz eta haien borrokaz hitz egiten jarraitzeko, FiSahara desertu gordinean izateari uzteko".