Telmo Iruretak Besarkada saria eskuratu du 'Sexberdinak' antzezlanarengatik

Maria Maya Manterola 2022ko urr. 13a, 11:00
Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea.

Astearte gauean egin zuten Euskal Aktoreen Batasunak antolatutako sarien ekitaldia, Donostiako Antzoki Zaharrean. 2022ko, 2021eko eta 2020ko sariak banatu zituzten, eta horietako bat eman zioten Telmo Irureta aktore zumaiarrari. 

Pantaila handian zein oholtzetan buru-belarri aritu da azken hilabeteotan Telmo Irureta aktore zumaiarra. Berriki Donostiako Zinemaldian estreinatu den La consagración de la primavera filmean parte hartu du Emma Suarez aktorearekin batera, eta Euskal Herriko antzokietara eraman du tabuak hautsi nahi dituen Sexberdinak antzezlana, Aitziber Garmendiarekin. 

Hain zuzen, antzezlan horrengatik eskuratu du antzerkiko gizonezko aktore onenaren Besarkada saria. Herenegun egin zuten Euskal Aktoreen Batasunak antolatzen duen sariketako ekitaldia Donostiako Antzoki Zaharrean, eta bertan jakinarazi zituzten irabazleak. Aurtengo sariak ez ezik, 2021ekoak eta 2020koak ere banatu zituzten asteartean.