Amiantoari buruzko ikastaroa antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak

Onintza Lete Arrieta 2022ko urr. 13a, 11:18
Amiantoa.

Ikastaroa eraikuntza lanak, eraikinen birgaitzeak eta instalazioak mantentzeko lanak egiten dituzten enpresa eta autonomoentzat da, eta bi aste barru izango da, urriaren 26an, asteazkenarekin. Osalanen eta Anedes elkartearen laguntzarekin antolatu dute Amiantoa egoki kudeatzeko gakoak izeneko saioa.

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) ikastaroa antolatu du urriaren 26rako, asteazkena, enpresei eta autonomoei erakusteko nola kudeatu behar duten amiantoa. Zehazki, eraikuntza lanak egiten dituzten, eraikinen birgaitzeak egiten dituzten, edo instalazioak mantentzeko lanak egiten dituzten enpresa eta autonomoei zuzendutako ikastaroa da, eta Osalanen eta Anedes elkartearen laguntzarekin antolatu du Amiantoa egoki kudeatzeko gakoak izeneko ikastaroa.

12:00etan izango da jardunaldia, eta parte hartzeko nahiz informazio gehiago eskuratzeko enpresa@urolakosta.eus helbidera bidali daiteke mezua, edo 943-89 08 08 telefono zenbakira deitu daiteke.

UKUEk gogorarazi du duela 20 urte debekatu zutela amiantoa duten produktu berriak fabrikatzea eta merkaturatzea. "Esposizioa neurri handi batean saihesteko modua izan zen, baina ez du arriskua erabat desagerrarazi; arriskua mantendu egiten da gaur egun amiantoa instalatuta dagoen eraikinetan eta gaur egun erabiltzen diren materialekin zuzeneko edota zeharkako esku-hartzeak egiten badira", azaldu du.

Hala, indarrean den araudia enpresa askotan aplika daitekeela nabarmendu du udal elkarteak: "Esaterako, eraikinen eraikuntzarekin eta birgaitzearekin, eraispenarekin, amiantoa erretiratzearekin, instalazioen mantentze-lanekin, hondakinekin eta zabortegiekin lotutakoekin". Eta jakinarazi du aurten argitaratu dela amiantoaren gida teknikoa, eguneratuta, "enpresei legediaren aplikazioa errazteko irizpideak eta gomendioak emateko".