Urriko GUKA magazina

Erredakzioa 2022ko urr. 7a, 22:00

Urriko lehen ostiralarekin batera dator GUKA magazinaren saio berria. Atal honetako protagonistak izango dira, besteak beste, Jon Kareaga ekintzailea, Mikel eta Esti Markez musikariak eta Mikel Larrañaga aizkolaria eta Lierni Osa harri jasotzailea. Munoaundi herri harresitua ezagutzeko aukera izango du Xabat Olaizolak, eta GUKA herrien arteko txapelketa hasiko da. 

Aurreneko saio honetan, Mireia Galarza kazetaria ingurumen larrialdiaz arituko da Jon Kareaga zumaiar ekintzailearekin. Haren ibilbideaz, kezkez, sare sozialek eskaintzen dituzten aukerez eta ingurumen larrialdiaz egiten dituen hausnarketez aritu da solasean Kareaga. Urrutira joan gabe atalean, Xabat Olaizolak Munoaundi herri harresitua ezagutu du Azkoitiko Anaitasuna mendi bazkunako kideekin. Parean eta pareko atalean, Maialen Etxaniz kazetariak parez pare jarri ditu Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra eta Lierni Osa harri jasotzaile zarauztarra. Belaunaldi berriaz nahiz herri kirolen susperraldiaz aritu dira, Azpeitiko zezen plazan. Amaitzeko, Mikel eta Esti Markez musikariekin elkartu da Andoni Elduaien Zurak eta ezpalak ataleko lehen atalean.