Ion Brakamonte: "Proiektuak onurak ditu trukean jaso eta ematen denagatik"

Juan Luis Romatet | Onintza Lete Arrieta 2022ko urr. 5a, 09:30
Argazkia: Juan Luis Romatet.

Mikromezenasgo sistema erabilita, Amerika zeharkatuz egindako bidaiaz liburua argitaratu eta Amazoniako komunitate bat lagundu nahi du zumaiarrak. 

Gutxi falta zaio helburura iristeko Ion Brakamonte zumaiarrari. Hau da, Amapatxa. Amets bat, bide bat liburua argitaratu eta, horrekin batera, Peruko Amazoniako komunitate bati laguntzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren mezenasgo sistema bat baliatuta (goteo.org), 3.700 euro lortzea da helburua, eta epea amaitzeko 33 egunen faltan, %89ra iritsia da. Azken txanpa izaten da zailena, ordea, hasierako punch hori apaltzen denean. 

Bi urte eta erdiz bidaiatu duzu, Argentinatik hasi eta Amerika behetik gora zeharkatuta. Esku artean duzun proiektua bidaia horren hurrengo pausoa da?

Bidaiarekin bat datorrela uste dut. Bidaian eguneroko bat idazten nuen; berez ez neukan horretarako asmorik, baina lagun batzuek oparitu zidaten egunerokoa, eta idazten hasi ahala, gustatu egin zitzaidan. Bi urte eta erdian badago zer kontatua, eta pentsa, azkenean, bost koadernotxo idatzi nituen. Hango esperientzia asko bildu nituen, eta gero, pentsatu nuen horiek liburuan jasotzea bazegoela, eta lan hori argitaratzea. Euskarazko bidaia liburu askorik ez dago, gainera.  

Bidaia intimo eta pertsonala ere izango zen. Jaso dituzu bidaian bizitako ideiak, filosofia, eta halakoak? Edo ikusi eta bizitakoa eta informazio praktikoa da nagusiki?

Momentu pertsonalak ere baditu. Uste dut liburu honetan dezente edo erabat biluztu naizela. Nire momentuko bizipenak, efemerideak, nire bizitzako pasarte batzuk, bidaian nola sentitu naizen... Bidaia hau hasi nuen bikotekidearekin, baina ametsa nirea zen, eta ematen du lortu nuela bakarrik egitea, sei hilabetera neskak beste bide bat hartu zuelako. Egia esan, oso aberasgarria izan da bakarrik bidaiatzea, nork bere burua gehiago ezagutzeko balio duelako, baita norbere mugak ere. Bidaia espirituala bihurtu zen.

Mikromezenasgo proiektua abiatu duzu, baina liburua jada idatzita daukazu, ala horrek emaitza ematen badu hasiko zara liburuari forma ematen?

Liburua, %80-%90ean amaituta dagoela esango nuke. Izan ere, bidaian bertan, aurrena eskuz idazten nuen eta gero, boluntario lanetan aritzen nintzenean, ordenagailura pasatu eta Drive-ra igotzen nuen. Beraz, lehendik bazeukan forma pixka bat. Euskal Herrira itzuli nintzenean, forma gehiago eman nion liburuari, idazkera txukundu nuen, eta nolabait esatearren, osatu egin nuen. Honezkero laugarren buelta ematen ariko natzaio, dena finduz. Oso zaila egiten ari zait amaiera ematea. Disko bat grabatzean bezala da: abestiari mila buelta eman diezazkiokezu, eta hala ere, konpositore gisa, inoiz ez zara gustura geldituko. Liburuarekin, gauza bera.

Argitaletxeei erakutsi diezu?

Argitaletxe batzuetara joan naiz eta gomendio batzuk eman dizkidate, baina ez dute ikusten argitaratzeko moduan. Beraiek liburua aldatu nahi zidaten, eta nik, argitaletxeekin borroka egin beharrean, erabaki nuen neure kabuz kaleratzea. Azken batean, nire bidaia, esperientzia eta egunerokoa izan da. Nik nahi nuen nire eguneroko errutina azaldu, jendeak ikustea. Hotza zela ere esaten zidaten argitaletxekoek, baina niretzat ez da hala, guztiz biluztu naizelako. Nire amari buruz hitz egiten dut, nire tristurez eta pozez, denak kontatzen ditut. Nahi dut jendeak ikustea zer bizimodu desberdin dauden hemendik kanpora, eta nola bizi daitezkeen gauza gutxiagorekin. Hori da zabaldu nahi dudan filosofia. Gero, hemengo gurpilean sartzen gara, eta baita neu ere, duela urtebete itzuli nintzenean [Euskal Herrira]. Hala ere, nire bizitza guztiz aldatu da. 

"Liburuan erabat biluztu naiz; amari buruz, tristurez eta pozez... hitz egiten dut"

Bi urte eta erdi eta bost koaderno horiek laburbiltzea erraza egin zaizu? 

Ez dut asko laburtu beharrik izan. Gauza batzuk kendu ditut, egunerokoa izanda, beharbada oso errepikakorrak zirelako, baina idatzitakoa ordenagailura pasatzen joaten nintzenez, moldaketa hor hasten zen. Lan erdia bidaian bertan eginda zegoen.

Beraz, azken zertzeladak falta.

Hori da. Diseinua ere prest dut. Nire oraingo neska lagunak sortu du, Taniak. Eskuz egin ditu bidaiako pasarte batzuetan oinarrituta, eta horiek bilduko ditugu mosaiko batean, wiphala banderarekin. Aniztasun kulturalaren bandera da hori, Andeetakoa.

Mikromezenasgora jo duzu lana argitaratzeko. 

Proiektua ekainean aurkeztu nuen aldundian, hark matchfunding programa duelako; alegia, beraiek, zuk lortutako euro bakoitzeko, beste euro bat ematen dizute. Hala, nire proiektua da liburua kaleratzea, euskaraz, eta horrez gain, dirulaguntza edo laguntza bidaltzea Amazonian umezurtz gelditu ziren umeei, pandemiak gogor jo zuelako han eta haur asko gelditu zirelako guraso gabe. Bestalde, hango emakumeek arte anzestrala lantzen dute Kene Nete elkartearekin kolaboratuz, eta hara bidaliko nuke laguntza. Hortaz, ekarpena egin nahi duen pertsonak, hainbat ekarpen mota egiteko aukera izango du. Gainera, aldundiaren mezenasgo proiektu bat denez, ekarpena egiten duenari hurrengo errenta aitorpenean ekarpenaren %25 itzuliko zaio.

Helburura iritsiko ez bazina?

Proiektua ez lirateke aurrera aterako, eta ekarpena egin duten guztiei dirua itzuliko litzaieke. Esperantza badaukat, bidaiatzen nenbilen bitartean jende askok bazekielako idazten ari nintzela eta askok esan zidatelako nahi zutela liburua irakurri. Bada, orain da garaia. Badakit ez dela momenturik onena ekarpenak egiteko, baina interesgarria dela uste dut, eta onurak dituela, trukean jaso eta ematen denagatik.