Herri duina ipar, independentzia!

Zumaiako Ezker Abertzalea 2022ko urr. 3a, 14:30

Hona hemen urriaren 15erako antolatutako Independentzia Egunaren harira Zumaiako Ezker Abertzaleak plazaratutako irakurketa.

Ziurgabetasun eta krisi garaietarako prestatzeko aholkatzen ari zaizkigu, etorkizun makurra eragotzi ezinezko fenomeno meteorologikoa balitz bezala. Etsipena zabaltzen, funtsean, garaiak eskatzen  dituen egiturazko aldaketak egiteari uko egin, eta berriz ere krisia betikoek ordain dezaten:  langileek, emakumeek, gazteek, pertsona arrazializatuek…  

Baina dagoeneko ondo dakigu frustrazioa bera guretzat luxua dela. Uzkurtzeko eta gotortzeko  tentazioa eman dezake egoerak, baina ezker abertzalean argi dugu ez dela, inondik ere, horretarako  garaia; inoiz ez dela izan. Anbizioz aritzeko unea da, eta partida konbikzio osoz jokatzekoa. Krisia  egoera honetara ekarri gaituztenei ordainarazi behar diogu, bai, baina, hortik harago, egiturazko  aldaketak behartu behar ditugu. Izan ere, arriskuak handiak izanagatik, aukerak ere halakoak dira  orain arte heldu gabeko eztabaida batzuk gure aldera ekartzeko: aberastasunaren banaketa, zaintza  lanen demokratizazioa, burujabetza energetikoa… 

Hori egitea dagokigu, betiere iparra argi izanda: herri duina; Euskal Herri sozialista, feminista,  euskalduna, ekologista eta preso, iheslari eta deportatu politikorik gabea, alegia. Eta konbentzituta  gaude Euskal Herrian badirela baldintzak haranzko bidean jartzeko. Mundu honek dituen erronka  kolosaletako bakoitzari erantzuteko nahikoa gaitasun badu herri honek, sarritan erakutsi izan duen  moduan. Horretarako, baina, ezinbestekoa dugu burujabetza; dena erabakitzeko, eta dena aldatzeko. Herri hau askatzea da gure bokazioa eta ezker abertzaleak bere buruari ezarri dion eginbeharra. Ez  inor baino gehiago edo bereziago garelako, herri duin bat garatzeko eta haren biziraupena  bermatzeko ezinbestekoa dugulako. 

Iparra argi izanik ere, ez dago harako bidea bakarrik egiterik, ordea. Herria bera askatu nahi  dugunez, herriarekin batera egin beharra dugu bidea, eta, halaber, beste mugimendu eraldatzaileekin azalberritu ezker abertzalearen helburu historikoak.  


Hain justu, prozesu hori elikatzeko eta irudikatzeko, harremanak indartzeko eta gozamenerako  espazioa sortzeko anbizioz, hitzaldi sorta bat eta askotariko ekimenez osatutako Independentzia  Eguna antolatu dugu Zumaiako Ezker Abertzaletik urriaren 15erako. Herri burujabe eta duina ipar  duen orori deia luzatzen diogu parte har dezan.