Euriak ez ditu Artadiko samielak zapuztu

Maria Maya Manterola 2022ko ira. 29a, 15:00

Pilota partidua bertan behera geratu bada ere, hamaiketakoa eta txakolin dastaketa egin dituzte, trikitilariek girotuta. Bihar eta etzi ere izango da zer gozatua.

Mikel Deunaren Egunarekin eman diete samielei hasiera Artadin. Euria goian behean egin arren, giro ederra izan da lehen egunean. Mezaren ondoren jokatzekoa zen afizionatuen mailako pilota partida bertan behera utzi dute eguraldiagatik. Txakolin dastaketa hasi bitartean, elkartean hamaiketakoa eskaini diete bazkideek Artadira bertaratutakoei. 

Mokadutxoak dastatu ahal izan dituzte gero frontoian, txakolinak lagunduta. Trikitixaren eta panderoaren doinura dantzatu duenik ere izan da. Arratsaldean jarraituko du festak, eta bertan izango dira Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariak ere. 

Larunbatera bitarte, egitarau zabala izango da Artadin. Hona hemen egitaraua:

Irailak 30, ostirala

21:00. Bertso afaria: Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin.

Urriak 1, larunbata

11:30. Haur eta gaztetxoentzat jolasak, Inguru Abenturakoek gidatuta.
12:00. Puzgarriak. Trikitilariak: Izer eta Alabier.
14:00. Auzoko eta elkarteko jubilatuen bazkaria.
16:30. Arno zezenak eta pottokak.
17:30. Puzgarriak.
19:00. Sagardo dastaketa. Trikitilariak: Izer eta Alabier.