Piztu ezagutzera eman dute, "etorkizun hurbilean alternatibak eraiki eta gauzatzeko" energia komunitatea

Maria Maya Manterola 2022ko ira. 28a, 12:00
Areto bete jende Piztu energia komunitatearen aurkezpenean, Hogarrean. (Maria Maya Manterola)

Urte eta erdi biltzen daramaten arren, atzo aurkeztu zioten taldea eta bere jarduna herriari. Jakinmina sortu du, goraino bete baitzen Gizarte Zentroko aretoa. 

Areto bete jende bildu zen atzo, asteartea, Piztu energia komunitatearen aurkezpenean. Piztu Kooperatibako kideek 18:30ak pasatxo hasi zituzten azalpenak. Izan ere, urte eta erdi daramatzate biltzen, baina orain eman dute ezagutzera beren jarduna.

Taldekideak batzen dituena Zumaia bera eta komunean dituzten kezkak dira, Piztukoen arabera. "Gero eta agerikoagoa den" klima aldaketa aipatu zuten hasteko eta behin, "batzuk ez dela dioten arren". Krisi energetikoaz ere aritu ziren, baita "baliabide urriez" ere; mineralez zein gasoleoaz, besteak beste. Bestelako faktoreak ere badituzte kezka iturri: prezioak, pandemiak, gerrak... Merkatuen ziurgabetasun horren "menpekotzat" dituzte beren buruak. Eta, azkenik, planetaren finitutasunaren kontzientzia hartzea gehitu zuten zerrendara.  

Azken hilabeteotan guztiotan "erantzun lokal bila" jardun dute Piztukoek, eztabaidan eta gogoetan. Kooperatiba sozietate bat sortu dute orain: "Komunitatea kudeatzeko modu egokiena dela uste dugu, baita gainerako eragileekin eta erakundeekin harremanak izatekoa ere". Direktiba europearrak ere izan dira kooperatiba sortzeko erabakia hartzeko argudio. Irabazi asmorik gabekoa izanik, irabaziak kooperatibaren beraren inbertsiorako gordeko dituztela ere argitu zuten. 

Hainbat lan lerro izango dute aurrerantzean. Komunitatea sortzea, batetik, "beharrezkoa" izango baitute herritarren babesa bere jardunerako. Egiteko ahalmena garatzeko, bestetik, formazioan, dibulgazioan eta kontzientziazioan sakontzeko tresnak eskainiko dituzte. Kontsumo arduratsua eta energia eta elikagaien burujabetza ere landu nahi dute, ingurumen inpaktua murrizteko eta jasangarritasuneranzko bidea egiteko. 

Proiektu ugari

Kritikotasuna garatzeko, tailerrak edota hitzaldiak antolatuko dituzte datozen hilabetetan. Baina proiektuak gauzatzea izango da helburua, eta bide horretan, interkooperazioa jorratuko dute ente publikoekin, pribatuekin nahiz eragileekin. 

Gauzatu nahi dituzten ekintzak zerrendatu zituzten gero Piztukoek. Eguzki plaken bidez energia sortzea da horietako bat, energia alternatiboa eratzea, alegia. Baina, energia sortu ez ezik, eraginkortasun energetikoa lortzeko eraikinak eta etxeak isolatzeaz ere aritu ziren, baita ibilgailu publikoak erabili edota pribatuak partekatzeaz ere. Fakturak ulertzeko formakuntza ere nahi diete eskaini herritarrei, bestalde. Elikagaien garraioaren kutsadura ekiditeko, hurbileko baratzeak ezartzea eta ibilgailu elektrikoentzat errekarga puntuak ezartzea izan ziren aipaturiko beste ekintza batzuk. 

Auzolana lanabes

Piztu energia komunitatearen jarduna "auzolanean" egin nahi dutela azaldu zuten, "indibidualetik kolektiborako saltoa" eginda. Kooperatiban bazkide egin nahi dutenei 10 euroko ekarpena eskatuko diete, baina kooperatiban eskaini nahi edota ahal den denbora norberaren esku geratuko dela argitu dute. 

Eguteraren bide beretik

Aurkezpena bukatu ostean, beren zalantzak argitzeko tartea eskaini zieten bertaratutakoei. Zumaiako Udalak eta Ekiolak bultzatutako Egutera energia kooperatibaren –eguzki plaken bidez energia bertan sortu eta 600 zumaiarrek kontsumitzea ahalbidetuko duen kooperatiba– eta Pizturen arteko aldea izan zen zalantza horietako bat. Piztukoen arabera, eguzki plakak jarri ez ezik, proiektu gehiago jarri nahi dituzte martxan, eta "paraleloki" egingo du norberak bere bidea. Era berean, "bateragarriak" direla azpimarratu nahi izan zuten.

Gaur gaurkoz, hiru azpitalde dituzte Pizturen barruan: komunikazio lantaldea, narratiba eta proiektuak. Talde horiek batzarrak izaten dituzte tartean behin, eta talde osoa ere batzen da bi astean behin. 

Informazioa eskuratu edota bazkide egin nahi duenak, piztu.eus atarian izango du horretarako aukera.