Zabalik da Mintzalagun programan izena emateko epea

Aitziber Arzallus 2022ko ira. 28a, 09:30

Urola Kostako AEK-k martxan jarri du 2022-2023 ikasturteko Mintzalagun Programa, eskualdean euskara praktikatu nahi duten guztientzat. Egitasmoa guztiz doakoa da eta izena emateko epea zabalik da dagoeneko.

Euskara praktikatu nahi duten Urola Kostako biztanleek aurten ere izango dute aukera, Mintzalagun programaren bitartez. Mintzalagunek euskaraz dakiten pertsonak —bidelagunak, euskaldun zaharrak— euskara ikasten ari direnekin —bidelariekin, euskaldun berriekin— elkartzen ditu astean ordubetez, 3-4 pertsonako taldetxoetan, hitz egiteko eta hizkuntza praktikatzeko. Programan parte hartu nahi duten herritarrek edo programari buruzko argibideak nahi dituztenek dagoeneko eman dezakete izena AEKren euskaltegietan, 625 48 52 15 telefono zenbakira deitu edo urolakosta@aek.eus helbidera idatzi.

Mintzalagun programak ibilbide oparoa du Urola Kostan, eta 100dik gora lagunek parte hartu dute guztira. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da.