Bihar da Forondako ikastaroetan izena emateko azken eguna

Maria Maya Manterola 2022ko ira. 27a, 18:00

Orain arte eskainitakoez gain, jubilatu eta pentsiodunentzako yoga eta sormen eta arteterapia tailerrak ere izango dira ikasturte honetan Forondan. 

Joan den ostiralean zabaldu zuten 2022/2023 ikasturtean Forondan emango diren ikastaroetan izena emateko epea, eta bihar izango da azken eguna, asteazkena. Alondegian (943-861056 / alondegia@zumaia.eus) jasoko dituzte izen-emate orriak.

Plazak baino eskaera gehiago dituzten ikastaroetan herritarrek izango dute lehentasuna. Matrikulazioa amaitzeko, ikastaroa aurrez ordaindu beharko da zehaztutako epean (erdia urrian eta beste erdia urtarrilean); bestela, tokia galduko da. 

Aurtengoan ikasturte osoko iraupena izango dute, urriaren erdialdetik maiatzaren amaiera bitartekoa, alegia. Helduei eskainitakoen artean dira yoga ikastaroa, qi gong eta meditazioa, kontrol mentala, pintura eta egur taila ikastaroa. Horiez gain, sormena eta arteterapia tailerra eta jubilatu eta pentsiodunentzako yoga ikastaroa ere izango dira. 

Zeramika tailerrari dagokionez, Kultura Sailak azaldu du urtarrilera bitartean ez dela ikastaro moduan eskainiko, eta zeramika tailerrean orain arte trebatutakoei zuzendutako tailerra eskainiko dutela. Irailaren 28an eskuratu ahal izango da tailer honi buruzko informazio guztia, 18:30ean Alondegian. 

Haur eta gazteentzat ere bai

Kultura Sailak aintzat hartu nahi izan ditu haur eta gaztetxoak ere ikastaroen eskaintza prestatzerako orduan. Oinarrizko pintura izango da haurrentzat (8-12 urte) eta nerabeentzat (13-16 urte), eta ttutti frutti haurren plastika tailerra (+5 urte). Buruhandiak sortzeko tailerra ere eskainiko diete aurten 9 urtetik gorako haurrei. 

Ikusi hemen ikastaroen eskaintza osorik.