Artisauen lana goresten duen 'Eskuak' artelan bilduma, gaurtik Oxford aretoan

Maria Maya Manterola 2022ko ira. 23a, 16:00
Ignacio Suarez Zuloaga, Ismael Manterola eta Marina Bidasoro. (Maria Maya Manterola)

Zuloaga Fundazioak proposatutako erakusketak eskuak gaitzat dituen 60 obra biltzen ditu. Urriaren 16ra bitarte bisitatu ahal izango da askotariko neurri eta formatutako artelanak biltzen dituen bilduma, Alondegiko Oxford aretoan. 

Ramon Suarez Zuloagak eskuak gaitzat hartuta bildutako artelanen bilduma ikusi ahal izango da gaurtik urriaren 16ra arte Alondegiko Oxford aretoan. Margolanak, marrazkiak, eskulturak nahiz argazkiak, askotariko artelanak bildu zituen, eta horietako asko artisten eta bildumagilearen konplizitatearen lekuko dira. 

Prentsari aurrez egindako aurkezpenean, eskertuta agertu da Marina Bidasoro Kultura zinegotzia Zuloaga Fundazioarekin, arte erakusketetarako baliabide murritzak dituen erakunde publikoei bultzada ematearren. 

Ismael Manterola da erakusketaren komisarioa, eta hark azaldu duenez, berezitasun nagusia da, gainerako bildumetan ez bezala, gaiak batzen dituela artelan guztiak. Obra herrikoiak nahiz Daliren marrazkiak ikusgai izango direla ere aurreratu du Manterolak. Bidasorok egin bezala, eskerrak eman nahi izan dizkio Zuloaga Fundazioari erakunde publikoek halako erakusketak antolatzeko dituzten oztopoen aurrean bidea erraztearren, eta erakusketa antolatzeko erabilitako irizpideak azaldu ditu.

Komunikatzeko funtzioa duten eskuak bildu ditu, hasteko eta behin.  Zeinu hizkuntza eta kodeak aipatu ditu, horien artean. Akzioan dauden eskuak ikus daitezke jarraian, artelan desberdinetan irudikatuta. Lana da multzo horretako azpigai nagusia. Eskuak espresiobide ere badirela aditzera eman dute, berriz, hirugarren multzoan: haserrea, amorrua edota negarra adierazten dute esku horiek. Eta, azkenik, babesten duten eskuak bildu dituzte. Babesa adierazten dute batzuk; eskuekin irudikatutako amuletoak dira beste batzuk. Obren autoreen artean dira Antoni Abad eta Jaume Plensa kataluniarrak eta Dora Salazar euskalduna. 

Goraipamena lan artisauei

Ignacio Suarez Zuloagak, bere aldetik, azaldu du artisauen eta artisten familia batetik datorrela, eta "artisauen lanarekiko dagoen mespretxua" aipatu nahi izan du. Izan ere, Suarez Zuloagak uste du gaitasun fisikoak adimen kozientea bezain konplexuak izan daitezkeela, eta eskuzko adimenak ezinbestekoak direla egunerokorako. 

Javier Carballo argazkilari zumaiarrak ere bere aletxoa jarri du erakusketan. Izan ere, 80eko hamarkadatik artisauei ateratako argazkiak ikusgai izango dira pantaila batean. Artisau lanak egiten aritu den jende hori guztia "pasioz" bilatu izan duela azaldu du Carballok, horien artean, Azkoitiko abarketariak, saregileak, zizelkariak edota espartzuarekin lan egiten duten nafar artisauak.