Zaintzen duen herria irudikatzera doaz

Maria Maya Manterola 2022ko ira. 22a, 10:00
Alberdi, Zearreta, Carrizo, Altuna eta Guzman, Emakumeon* Etxean. (Zumaiako Mugimendu Feminista)

Zumaian zaintza eredu berri bat asmatzeko elkarlanean dabiltza Emakumeon* Etxeko, Malen Etxeko nahiz Mugimendu Feministako kideak. Zaintzen duen herri ereduari buruzko eztabaida sustatzea eta garatzea da asmoa, eta bide horretan, egun osoko jardunaldi irekiak egingo dituzte urriaren 22an. 

Zaintzen duen herria irudikatzeko prozesua abiatu dute Zumaian Emakumeon* Etxeko, Malen Etxeko eta Mugimendu Feministako kideek. Proiektuaren inguruko xehetasunak eman dituzte Malen Etxea elkarteko Silvia Carrizo eta Jessica Guzmanek, Aratz Zearreta Emakumeon* Etxeko dinamizatzaileak, eta Maddi Altuna mugimendu feministako kideak, eta Maider Alberdi Berdintasun zinegotziak Baleikera igorritako oharrean. Azaldu dute herriko kolektibo eta langileen ekarpenak jaso dituztela, eta elkarrizketa horien emaitza txosten batean jaso dutela, urriaren 22an egitekoak diren jardunaldietan aurkeztu eta lantzeko. Zaintza lanen inguruko kontzientziazio ariketa egiteko asmoa agertu dute, aldi berean. 

Aldundiaren dirulaguntza jaso dute proiektua garatzeko, eta Zumaiako Udala zabalpenean laguntzaile ariko da. Alberdiren arabera, beharrezkoa da zaintza sistema publiko-kojunitarioaren ereduan sakontzea, eta eragile feministek halako lanketetan "bidelagun" izango dituztela ere adierazi du. 

Zumaiako herritar eta eragile sozialen artean zaintzen duen herri ereduari buruzko eztabaida sustatu eta garatzea dute helburu, Malen Etxeko Silvia Carrizoren hitzetan. Eztabaida horretatik abiatuta, etorkizunean proposamen eta proiektu pilotu konkretuak martxan jartzeko oinarriak jarri nahi lituzkete. Era berean, Carrizok azaldu du zaintza lanen inguruan jarriko dutela arreta, baina nagusienen eta desgaitasunak dituztenen iraupen luzeko zaintzen antolaketan jarriko dute foku nagusia. "Sistema publiko-komunitarioaz ulertzen dugunaren inguruko haunsarketa eta definizioan sakondu nahiko genuke", zehaztu du Carrizok. "Zaintzen duen herri bat irudikatzea" da asmoa, "Zumaiarako bide-orri bat marrazteko".

Gatazkari heltzeko unea

Bizitzak erdigunera leloaren atzean dagoen hausnarketari heltzearen beharra nabarmendu du, bestalde, Altunak. Pandemiak zaintzaren arloko krisia bistaratu duela ulertuta, horri heltzeko momentu egokia dela uste du: "Zaintzaren gaiak guztiok zeharkatzen gaitu edo zeharkatuko gaitu bizitzako momenturen batean; guztiok gara -edo izango gara- zaintzaileak, eta guztiok beharko dugu zainduak izatea. Zaintzaren bi aspektu horiek kontutan hartuta, guztiontzat jasangarria izango den eredu bat asmatu eta praktikan jartzen hasi beharra daukagu, kapitalaren logika gainditu, eta, zaintzaileen zein zainduen bizitza duin eta bizigarriak bermatzea helburu izango duena". 

Hiru ardatz landuko dituzte prozesuaren barruan: kolektibo desberdinetako kideen formakuntza eta hausnarketa, herrira eta herritarrei begirako sentsibilizazioa, eta herri mailako eztabaida sustatzea.

Zearretak azaldu ditu orain arte egindakoak: azken hiruzpalau hilabeteetan elkarrizketak egin dituzte 65 urtetik gorako herritarrekin, zaintza arloko langileekin, gazteekin, edota 45-65 urte bitarteko herritarrekin. Zumaiako zaintza-sistemaren funtzionamendua ezagutzea ahalbidetzen duten datuak eta informazioa batzeko lanetan ere aritu dira, aldi berean. Zumaiako Udaleko gizarte zerbitzuetako arduradun tekniko eta politikoekin zein lehen mailako arretako langileekin ere bildu dira, gainera.

Urriaren 22ko jardunaldiak

Formakuntzarako eta hausnarketarako eguna izango da urriaren 22a. Orain arte jasotakoari jarraipena emango diote goizean, zaintzaren inguruan ikerketan eta lanean egon direnen esperientziak eta jakintzak jasotzeko. Egunaren bigarren zatian, ariketa kolektibo bat egingo dute Zumaian zer nolako eredua sustatu nahi luketen hausnartzeko. Laster emango dituzte jardunaldi horien inguruko xehetasunak.