Ander Torriko: "Oso argi dut itzuli egingo naizela"

Julen Etxeberria/Berria 2022ko ira. 21a, 20:46

Ander Torrikok hirutan hautsi du jarraian eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua; ondo bidean, bi urte eta erdi beharko ditu osatzeko. Berrian elkarrizketatu dute.

Denbora asko pasatu da 2020ko martxoaren 27tik. Egun horretan jokatu zuen azkenekoz Ander Torrikok (Zumaia, Gipuzkoa, 1997). Egun horretan hautsi zuen aurrenekoz eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua Helvetia Anaitasunako erdikoak. Beste bitan hautsi du, beti itzultzear zela. Jota egon beharra zuen, baina «gogotsu» dagoela dio.

Zer moduz zaude?

Ondo nago. Prozesu oso luzea da hau, eta buruz oso gogor egon behar duzu; halaxe nago ni. Gainera, lesioak kateatu ditut bata bestearen atzetik, eta ezaguna dut zer sentitzen den halakoetan.

Non duzu minik handiena: belaunean ala buruan?

Min psikologikoa izan ohi da okerrena, baina, oraingoz, ondo daramat. Indartsu nago buruz.

Hirutan hautsi duzu eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua. Azalpenik badu?

Ez, eta ez da errudunik bilatu behar; ez da nire asmoa. Baina normala da jendeak harrituta galdetzea nola den posible hirutan lesio larri bera izatea. Uste dut ni naizela atzeko lotailu gurutzatua hirutan jarraian hautsi duen lehen kirolaria; ez dut jokatu ere egin. Inoiz ez da halakorik gertatu. Adibidez, Sergio Asenjo Valladolideko atezainak lautan hautsi du lotailu gurutzatua, baina ez jarraian; tartean, jokatu ahal izan zuen. Etsigarria da errehabilitazio aproposa egin, entrenatzen hasi, eta zortzi hilabeteren ostean jokatzeko gertu zaudenean berriz min hartzea. Zer esanik ez gauza bera bitan gertatzea.

Hemen irakurri daiteke elkarrizketa osoa.