Sarek Ilunben egingo duen jaialdirako autobusak antolatu dituzte

Urriaren 8an egingo da jaialdia Donostiako zezen plazan. Autobusetarako izenak Zarautzen eta Zumaian eman ahal izango dira eskualdean. 

Jaialdi handia antolatu du Sarek urriaren 8rako. 15:30etik aurrera, Belako, Esne Beltza, Su Ta Gar, edota Hertzainakeko Josu eta Gari igoko dira Donostiako Ilunbe zezen plazan egokituko duten agertokira. Etxera bidea gertu izeneko festibal honetarako sarrerak salgai daude hemen, 28 euroan. 

Aurretik, azken mobilizazioak egingo dira Donostian bertan. Azken kilometroak egingo dituzte goizeko 11:00etan Bulebarrean, eta ondoren, 12:00etan, manifestazioa abiatuko da Pio XII.a plazatik. 

Jaialditik itzultzeko autobusak jarri ditu Sarek. Urola Kosta eskualdean bi herritan eman daitezke izenak: Zarautzen Arrano eta Eguzki tabernetan, eta Zumaian 649 77 84 15 telefono zenbakira deituta. 

Izan Bidea dinamikaren baitan ezarritako 3.127.326 km-ko erronkari amaiera emango dio Sarek jaialdi honen bidez. Antolatzaileen esanetan, "urriaren 8an erronka honi amaiera eman ez ezik, urte luzeetan urruntze-politikaren amaieraren alde aritu diren herritar guztiak batu nahi ditugu, politika honen amaiera gauzatzen ari den honetan, berau egi bihurtzeko emaniko bultzada eskertu eta guztiona den lorpen hau guztiz gauza dadin aldarrikatzeko".