Ostiralean zabalduko dute Forondako ikastaroetan izena emateko epea

Maria Maya Manterola 2022ko ira. 21a, 09:30

Orain arte eskainitakoez gain, jubilatu eta pentsiodunentzako yoga eta sormen eta arteterapia tailerrak ere izango dira ikasturte honetan Forondan. 

Zumaiako Udalak dagoeneko eman du 2022/2023 ikasturteko Forondako ikastaroen berri, eta jakinarazi du etzi, ostirala, zabalduko dela horietan izena emateko epea. Aurtengoan ikasturte osoko iraupena izango dute, urriaren erdialdetik maiatzaren amaiera bitartekoa, alegia. 

Helduei eskainitakoen artean dira yoga ikastaroa, qi gong eta meditazioa, kontrol mentala, pintura eta egur taila ikastaroa. Horiez gain, sormena eta arteterapia tailerra eta jubilatu eta pentsiodunentzako yoga ikastaroa ere izango dira. 

Zeramika tailerrari dagokionez, Kultura Sailak azaldu du urtarrilera bitartean ez dela ikastaro moduan eskainiko, eta zeramika tailerrean orain arte trebatutakoei zuzendutako tailerra eskainiko dutela. Irailaren 28an eskuratu ahal izango da tailer honi buruzko informazio guztia, 18:30ean Alondegian. 

Haur eta gazteentzat ere bai

Kultura Sailak aintzat hartu nahi izan ditu haur eta gaztetxoak ere ikastaroen eskaintza prestatzerako orduan. Oinarrizko pintura izango da haurrentzat (8-12 urte) eta nerabeentzat (13-16 urte), eta ttutti frutti haurren plastika tailerra (+5 urte). Buruhandiak sortzeko tailerra ere eskainiko diete aurten 9 urtetik gorako haurrei. 

Irailaren 23tik 28ra

Hilaren 23tik (ostirala) 28ra bitarte jasoko dira izen emate orriak Alondegian (943-861056 / alondegia@zumaia.eus). Plazak baino eskaera gehiago dituzten ikastaroetan herritarrek izango dute lehentasuna. Matrikulazioa amaitzeko, ikastaroa aurrez ordaindu beharko da zehaztutako epean (erdia urrian eta beste erdia urtarrilean); bestela, tokia galduko da. 

Ikusi hemen ikastaroen eskaintza osorik.