Azken entrenamendu saioa egingo da datorren igandean Flysch Trailera begira

Urriaren 2an egingo den mendi lasterketara begira antolatutako seigarren entrenamendu saioa egingo da igandean. 

Urriko lehen asteburuan jokatuko da XIII. Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa. Emakumeen parte hartzea sustatu nahian, aurten ere entrenamendu saio bereziak antolatu dituzte. Udaberrian ekin zioten saio hauei eta datorren igandean, hilaren 22an, egingo da seigarren eta azkena. 

Errota Berrira bira egingo dute oraingo honetan. Guztira, 18 kilometro inguruko bidea egingo dute saioan parte hartuko duten korrikalariek. 

Goizeko 8:00etan abiatuko dira Lubaki kiroldegi paretik. Parte hartzeko egunean bertan eman daiteke izena, edo aurrez Flysch Trailaren webgunean, hemen. Entrenamenduetan parte hartzeko beharrezkoa izango da norberak bere segurua izatea.