Adinekoei zuzendutako eskaintza prestatu du udalak

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 19a, 11:30

Aldaketak izango dira Zumaiako edadetuei zuzendutako kultur, gizarte eta aisialdirako eskaintzan.

Zumaiako nagusiei zuzendutako kultur, gizarte edota asialdirako eskaintza aurkeztu berri du udalak. Nagusien Mahaiarekin elkarlanean prestatutako jarduera sorta honetan aldaketak izango direla azaldu du udalak: batetik, eskaintza handituko da, eta bestetik, orain arte Beheko Plaza jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak antolatzen zituen jarduera batzuk bere gain hartuko ditu udalak. 

Gizarte arloko zerbitzuei dagokionez, aurreko urteetan egin bezala, Tipi-tapa ibilaldietan parte hartzeko aukera izango dute herriko edadetuek. Irailaren 28an emango diote hasiera kurtso honetako ibilaldiei, eta ohi bezala, asteazkenero egingo dira, goizeko 10:00etatik aurrera. Gurrutxaga plazatik abiatuta, ordubeteko ibilaldiak egingo dituzte adinekoek. "Osasun fisikoa lantzeaz gain, harreman berriak egiteko aukera eskaintzen du jarduera honek", nabarmendu dute antolatzaileek.

Jarduera hori zuzentzeko herrian boluntarioen beharra azpimarratu dute antolatzaileek. Norbaitek interesa izango balu, Gizarte Zerbitzuetara bertaratzera gonbidatu dituzte.

Oroimena lantzeko tailerra ere eskainiko da aurten. Astean behin emango da, astelehenetan, arratsaldetan, urritik abendura bitartean, irailaren 19tik aurrera. "Ordubetez, eta teknika eta tresna ezberdinak erabiliz, adineko pertsonen oroimena lantzea du helburu tailer honek". Gune kognitiboa (gaitasun kognitiboen galera aurreikusi edo atzeratu), gune psikoafektiboa (antsietate, depresio, bakardade zantzuak prebenitu, komunikazio eta talde sentipena bultzatuz) eta harreman eta aisialdi gunea (beste pertsonekin harremana bultzatu eta ezagutza partekatu eta herriko partaide sentitu...).

Gizarte zerbitzuekin lotuta, Itsasargia zerbitzua ere izango dute Zumaiako nagusiek. Astelehenetik ostiralera emango, urte osoan zehar, eta egunero bi orduz eskainiko da. Udalak 2021ko urrian jarri zuen martxan zerbitzu berri hau. Dagoeneko hamabi lagunek hartu dute parte, bederatzi emakumek eta hiru gizonezkok. "Adinekoen autonomia landu eta mendekotasun egoerak saihestu eta atzeratzea da tailer honen helburua. Dinamizatzaile baten laguntzarekin, astelehetik ostiralera egunero bi orduz biltzen dira partaideak. Helburuak dira, partaide guztien artean norbere gaitasunak lantzea, bakardadea saihestea, harreman berriak egitea, eta herri mailan parte hartzea sustatu zein herriko partaide sentitzea".

Jarduera hauetako izenak Branka eraikinean emango dira (Aizkorri kalea 4, Gizarte Zerbitzuak).

Ikastaroak

Gizarte Zerbitzuetatik eskaintzen diren jarduera eta zerbitzuez gain, udaleko sail desberdinek nagusiei zuzendutako ikastaroak prestatu dituzte. Aurten horiek guztietarako kuota bateratua ezartzea erabaki dute, eta hileak 12 euro ordaindu beharko dituzte jubilatuek eta pentsiodunek. 

Kiroldegian eskainiko da adineko gimnasia, eta norberaren adinera egokitutako jarduera fisikoa egingo da bertan. Irailaren 26an hasiko da, eta urte osoan iraungo du. Izenak Beheko Plaza jubilatuen eta pentsiodunen bidez emango da. 

Adinekoentzako yoga ikastaroa ere egingo da Forondako kultur eta aisialdi ekaintzaren barruan. Ikastaro hau Torreberri emango da. Izenak Alondegia kultur etxean emango dira, irailaren 23tik 28ra bitartean. Ikastaroa urriaren 10ean hasiko da. 

Bestalde, Musika eta Dantza eskolako eskaintza ere izango da aurten. Adineko pertsonai zehazki egokitutako ikastaro bereziak eskainiko dira 2022/2023 ikasturtean zehar. Horien inguruko xehetasunak azaltzeko ate irekien saioak egingo dituzte irailean: musika eskaintza ezagutzeko aukera izango da irailaren 20an, asteartea, 11:30ean, Ubillosen; dantza eskaintza ezagutzekoa, berriz, irailaren 22an, osteguna, 16:00etan, Torreberrin. Izenak Ubillosen emango dira irailaren 19tik 28ra bitartean. Informazio gehiago, Zumaiako Musika eta Dantza Eskolan (943-86 11 83).