Eñautek eta Imanol Lopezek irabazi dute Mutrikuko Masterra

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 19a, 09:30
Argazkiak: Andoni Iparragirre/Guk Jai Alai

Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez aurrez aurre izan ziren larunbatean Mutrikuko Miruaitz frontoian jokatutako finalean. 

Hiru eguneko epean erabaki da zesta-puntako Mutrikuko Masterra: ostegunean jokatu ziren finalerdiak, eta bi egun geroago, larunbatean, final handia. Zumaiako bi puntista handiek parte hartu dute txapelketa honetan, Imanol Lopezek eta Iñaki Osa Goikoetxeak; biek ere Mutrikuko puntistak izan dituzte bikotekide: Eñaut Urresti Lopezek eta Mikel Manzisidor Manzi Goikoetxeak. Osteguneko finalerdiak irabazi ondoren pasatu ziren bi bikoteak finalera.

Goikoetxea eta Manzi dominatzen hasi ziren larunbateko finalean, eta beraientzako izan zen lehen seta: 9-15. Partida bikaina izan zen, tanto eder bat bestearen atzetik etorri zen, eta ikusleak behin baino gehiagotan altxatu ziren beraien eserlekuetatik pilotarien lana eskertzeko. Berdindua izan zen neurketa, eta horren adibide da bigarren seta azken tantora arte jokatu behar izan zutela. Lehenengoa ez bezala, bigarrena Eñauten eta Lopezen aldekoa izan zen (15-14). Set laburrean erabakiko zen zer bikotek jantziko zuen irabazlearen txapela. Laburra bezain berdindua, 5-4 emaitzarekin irabazi zuten azken seta Eñautek eta Lopezek, eta beraientzako izan da Mutrikuko Masterra.