Edgar Serra: "Zumaiarren laguntza ezinbestekoa izan da egonaldiari ahalik eta zukurik handiena ateratzeko"

Aitziber Arzallus 2022ko ira. 18a, 18:18
Edgar Serra Andorrako Eskubaloi Federazioko entrenatzailea. (Aitziber Arzallus)

Andorrako infantil, kadete eta jubenil mailetako eskubaloi jokalaririk onenek Urola Kostan igaro dute asteburua. Ostegunean iritsi ziren Zarautzera; Zestoan eta Zumaian aritu dira entrenatzen; eta gaur goiz-eguerdi partean, bi partida jokatu dituzte Zumaiako Lubaki kiroldegian, Pulpo elkarteko kirolarien aurka. Etxekoek irabazi dituzte biak: 32-24 egin dute infantil mailakoek; eta 30-28 kadeteek. Bueltako bidaia hasi aurretik, Baleike-rekin hitz egin du Edgar Serra (Parets de Valles, Katalunia, 1991) Andorrako eskubaloi selekzioko entrenatzaileak.

Nolatan etorri zarete Urola Kostara egonaldia egitera?

Urtero, aurredenboraldian, horrelako egonaldi bat egiteko ohitura dugu. Joan den urtean Ibizan (Herrialde Katalanak) izan ginen, eta aurten Euskal Herrira etorri gara. Neu horrelako egonaldiak antolatzen ibiltzen naiz, baina alderantziz; alegia, Frantziatik, Espainiatik eta beste hainbat herrialdetatik Anddorrara doazen taldeei egonaldiak prestatzen, eta bitxikeria gisa, aipatu, joan den astean bertan Euskal Herriko talde bat izan genuela Andorran. Hasiera batean, gure asmoa zen egonaldi guztia Zarautzen egitea, kanpina-eta bertan genituelako, baina esan ziguten entrenatzeko kantxarik ezin zigutela utzi, eta azkenean, Zumaiakoek lagundu digute.

Zertarako balio dute egonaldi hauek?

Aurredenboraldiko egonaldiekin talde izaera indartu nahi izaten dugu. Maila hauetan, urtez urte, aldaketa handiak izaten dira taldeetan; jokalari batzuk mailaz igotzen dira, berriak etortzen dira… Horregatik, egonaldi hauek jokalariei oso ondo etortzen zaizkie elkar ezagutzeko, harremanak estutzeko eta konfiantza hartzeko. Guretzat, alegia, Andorrako Eskubaloi Federazioarentzat, ezinbestekoa da herrialdea ordezkatuko duen selekzio indartsu eta lehikor bat izatea, eta horretarako, oso garrantzitsua iruditzen zaigu jokalariak gaztetatik dinamika horretan heztea; txapelketak, bidaiak eta horiei loturiko gauza guztiak zer diren behar bezala barneratzea. Esperientzia horrek asko lagunduko die gerora, herrialdeko selekzioaren maila gorenera iristen direnean; izan ere, fisikoki ez ezik, psikologikoki ere ondo prestatutako kirolariak nahi baititugu. Guk infantil, kadete eta jubenil mailetako gazteekin lan egiten dugu, eta herrialdeko selekzioaren harrobia gara. Orain gurekin dauden jokalarietako asko hogei urtez azpiko selekziora joango dira, eta handik, hurrengo jauzia, absolutu mailako selekziora egingo dute.

Zer egin duzue Urola Kostan igaro dituzuen egunotan?

Asko entrenatu dugu. Ostegun gauean iritsi ginen; eta ostiral goizean, arratsaldean eta atzo goizean entrenamenduak egin genituen. Atzo arratsaldean, berriz, Olarro Eguna zela eta, Zumaian bueltatxo bat eman genuen. Gaur, bi partida jokatu, bazkaldu eta etxerako bidea hartuko dugu, bihar eskolara joan beharra baitaukate jokalariek.

Andorran zenbateko indarra du eskubaloiak?

Esan liteke eskubaloia gorabidean den kirola dela Andorran, pixkanaka-pixkanaka indarra hartzen ari dela, baina aurretik ditu eskia, hango kirol nagusia, eta futbola. Guk zazpi-zortzi urte daramatzagu buru-belarri lanean, eta oso gustura gaude lortzen ari garen emaitzekin. Gaztetxoen artean oso harrera ona du eskubaloiak, eta probatzen duenari gustatu egiten zaio. Dena dela, gauzak ondo egiteko nahitaezkoa da pazientzia izatea eta pausoz pauso joatea.

Pulpo elkarteko infantil eta kadete mailako kirolarien kontra jokatu duzue, baina jubenilak ere ekarri dituzue. 

Hala da, bai. Gauza da, hona etortzeko, bi eskola egun galdu behar izan dituztela jokalariek. Guraso eta eskola guztiak ez zeuden horrekin ados, eta ez dira etorri berez gurekin ibili ohi diren jokalari guztiak. Infantil eta kadete mailetan talde bana osatzeko arazoak genituenez, infantil mailakoekin batera kadete mailako batzuek ere jokatu dute, eta kadete mailakoekin jubenil batzuek ere bai. Zumaiarrei eskatu genien infantiletako eta kadeteetako talderik onenak jartzeko gure kontra, partidak ahalik eta parekatuenak izan zitezen.

Zer moduz hartu zaituztete Zumaian eta, oro har, eskualdean?

Esker oneko hitzak baino ez dauzkagu zumaiarrentzat eta eskualdeko herritarrentzat. Pulpo eskubaloi elkartekoen laguntza ezinbestekoa izan da egonaldiari ahalik eta zukurik handiena ateratzeko, eta atzo arratsaldean herrian barrena eman genuen bueltan ere oso eroso sentitu ginen. Beraz, eskerrik asko denei eta hurrengora arte.