Bart gauen bost edukiontzi erre dituzte Amaia plazan

Aitziber Arzallus 2022ko ira. 18a, 09:26
(Argazkia: Zumaiako Udala)

Udaltzaingoak Baleikeri jakinarazi dionez, bi abisu jaso dituzte bart gauean, biak Amaia plazako edukiontziak sutan zirela jakinarazteko: bata, 03:26an; eta bestea, 06:15ean. Itxura batera, suak ez du kalterik eragin inguruko etxebizitzetan eta ibilgailuetan.

Gau mugitua izan dute Zumaiko udaltzainek, eta baita suhiltzaileek ere. Baleikeri jakinarazi diotenez, 03:26an deia jaso dute 112tik, Amaia plazan edukiontzi bat sutan zegoela eta. Udaltzainak bertaratu direnean, bi edukiontzi topatu dituzte sutan, Amaia plazako 15. zenbakiaren aurrean. Eremua balizatu dute eta bost su itzalgailu hustu behar izan dituzten suhiltzaileak iritsi bitartean. Azkenean, hiru edukiontzi izan dira han kaltetutakoak: plastikozko ontzi arinena, paperarena eta organikoarena. Itxura batera, ez da kalterik izan inguruko etxebizitzetan eta autoetan.

Bigarren abisua, 06:15etan jaso dute udaltzainek, Amaia plazako beste aldeko bi edukiontzi sutan zeudelako. Hiru su itzalgailu hustu behar izan dituzte suhiltzaileak iritsi bitartean. Papera eta plastikozko onzti arinak biltzeko edukiontziak kaltetu ditu suak.