Giro bikaina, Olarro Egunean

Aitziber Arzallus 2022ko ira. 17a, 17:00

Umeentzako jolasak, kuadrillen arteko batel estropada, olarro zopa dastatzeko aukera, sukaldaritza erakustaldia, txistulariekin kalejira, azoka... Hori guztia eta askoz gehiago eman du Olarro Eguneko eguerdiarteak.  

Adin eta gustu guztietako herritarrentzat egitaraua iragarri zuten Olarro Egunerako, eta halaxe izan da; zumaiarrek izan dute zertaz gozatua gaur goizean. Dozenaka umek parte hartu dute haientzat prestatutako jolasetan; 46 taldek parte hartu dute kuadrillen arteko batel estropadan, dozenaka herritar begira egon zaizkien bitartean; beste hainbatek olarro zopa dastatu dute herriko elkarteek kalean jarri dituzten postuetan; azokan hainbat eratako produktuak erosteko aukera izan da; txistulariekin batera kalejiran eta dantzan ibili dira beste batzuk; hamaiketako ederra egin dute jubilatuek; jendetza bildu du sukaldaritza erakustaldiak; eta dozenaka herritar egon da Zarauzko eta Zumaiako abesbatzek elkarrekin eskaini duten kantaldian ere. Hori guztia eta gehiago izan da gaur goizean herrian, eta festak aurrera jarraituko du arratsaldean eta iluntzean ere.