'Hatu anaza' eta 'Beteranoak' izan dira nagusi kuadrillen arteko batel estropadan

Aitziber Arzallus 2022ko ira. 17a, 15:20

10:00etan hasi eta hiru orduz luzatu da Olarro Eguneko XIV. Bandera irabazteko lehia, parte hartze oso handia izan baita aurtengoan: 23 txandatan banatuta, 46 talde aritu dira nor baino nor. Eguraldi paregabea lagun zutela, dozenaka izan dira estropada eremura bertaratu diren zumaiarrak.  

Olarro Egunari kuadrillen arteko batel estropadarekin ekin diote zumaiar askok. 10:00etan hasi da Olarro Eguneko XIV. Bandera irabazteko lehia, eta aipatzekoa aurtengoan izan den parte hartzea: 46 talde, 23 txandatan banatuta. Batel bakoitzean lau lagun joan direla kontuan izanda, guztira, 184 lagun. Beste dozenaka lagunek, berriz, arraunlariei begira igaro dute goiza.

Hiru orduz luzatu da lehia, eta 13:00ean egin dute sari banaketa, itsas kiroldegiko pantalanean. Nesketan, Hatu anaza taldeak irabazi du bandera, bost minutu eta zortzi segundoko denbora eginda; mutiletan, berriz, Beteranoak taldeak, hiru minutu eta 50 segundoko denborarekin. Luis Mari Goikoetxea Telmo Deun elkarteko kidea eta Alex Oliden udaleko zinegotzia arduratu dira banderak banatzeaz.  

Estropadan, talde batzuk fibrazko edo plastikozko batelak erabili dituzte; besteek, egurrezkoak. Azken horiek Beduolak utzi dizkie, egurrezko txalupak berreskuratzea helburu duen elkarteak, hain zuzen.