Telmo Irureta: "Neure burua ikusi nuen filmeko pertsonaian"

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 18a, 11:00

La consagracion de la primavera filma estreinatuko du Fernando Franco zinemagileak datorren astean Donostiako Zinemaldian. Valeria Sorolla, Emma Suarez eta Telmo Irureta (Zumaia, 1989) dira protagonistak. Bere inpresioak kontatu dizkigu aktore zumaiarrak.

Antzerkian, telebistan eta film laburretan sarritan aritu da Irureta, eta hau du bere lehen film luzea. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean erakutsiko dute datorren asteazkenean, eta urrezko maskorrerako hautagaietako bat da. Daviden gorputzean sartu da Irureta, garun paralisia duen mutila. Filmak Laura (Valeria Sorolla) gaztearekin duen harremana kontatuko du. 

Zinemaldian parte hartuko duzu, lehiaketan gainera. Ari al zara nerbioak sumatzen?

Ilusioa dut, publikoak zer-nolako harrera egiten dion ikusteko gogoa dut. Filma ikusita daukat, baina emanaldi teknikoa izan zen; muntaia erabat bukatu gabe zegoen, konponketa batzuk egitekoak ziren. Gustatu zitzaidan, baina bigarren aldiz ikusteko gogoa dut. Izan ere, neure burua lehenengo aldiz ikusten dudanean tentsioan egoten naiz; nire buruarekiko nahiko kritikoa izaten naiz. Bigarren emanaldian, baina, lasaiago egongo naiz.

Zeure buruarekin kritikoa zarela diozu. Nola ikusi duzu zure lana?

Nahiko ondo, ez naiz desatsegina agertzen! Hori asko da niretzat.

Nola heldu zitzaizun pelikula honetan lan egiteko aukera? 

Pelikularako castinga egingo zutela ikusi nuen. Garun paralisia zuen norbait behar zuten, eta bide desberdinetatik heldu zitzaidan iragarkia. Bideo dei bidez zuzendariarekin eta castingeko arduradunekin hitz egin nuen lehenbizi; elkar ezagutzeko aukera izan zen deia. Galbahe bat pasatu ondoren, castingeko bi saio egin nituen, bigarrena Madrilen.

Azkenean, ni aukeratu nindutela esan zidaten. 

Fernando Franco zuzendariarekin egin duzu lan. Haren filmak ezagutzen al zenituen?

Ez nuen haren lana ezagutzen, baina gero zer estilo duen ikusteko bere lanak bidali egin zizkidan, eta gustatu zitzaizkidan. Film nahiko ilunak dira, eta norbaitek esan zuen, agian Francok berak, La consagracion de la primavera-k argi pixka bat gehiago duela. Filmak umore puntuak ere baditu. 

Nola joan zen errodajea? 

Madrilen izan nuen errodajea, bi astez. Oso ondo joan zen, polita izan zen. Aurretik entsegu batzuk egin genituen, filmatzeko dena prest izateko. Otsailaren amaiera aldera hasi genuen errodajea, eta martxorako bukatu genuen. Tira, hori nik; beste aktoreek jarraitu egin zuten. 

Nola definitzen duzu zure pertsonaia?

Pertsonaia nolakoa zen ikusi nuenean, pentsatu nuen: ui, hau ni naiz. Neure burua ikusi nuen pertsonaian. Hori aldeko zerbait izan nuen castingean. Nireak ez diren puntu batzuk ere baditu pertsonaiak, eta nik ere baditut hark ez dituen puntuak, baina nahiko antzerakoak gara. Biok dugu umore beltza, eta pentsatu izan nuen planteamendua nik idatzi nuela ere. 

Pertsonaiaren trataera dagoeneko eginda etorri zitzaizun, edo izan zenuen aldaketaren bat txertatzeko aukera?

Izan dut zerbait aldatzeko aukera, baina ez da behar izan. Esalditxo bat kendu nion, baina beste guztia ondo zegoen. 

Beraz, gaia sentsibilitatearekin landu dute. 

Bai, niri asko gustatu zait, eta uste dut publikoari ere gustatuko zaiola. 

Emma Suarez aktorearekin egin duzu lan, besteak beste; Espainiako zinemagintzako izen garrantzitsua da. Hori ere gehigarri bat izango zen zuretzako.

Oso ondo moldatu gara, feeling berezia izan dugu. Nire amaren papera egiten du filmean, eta nirekin harremanetan jarri nahi izan zuen elkar ezagutzeko, ama eta semearen arteko feeling hori lantzeko. Whatsappez asko hitz egin genuen, baita Instagramez ere. Grabazioekin hasi aurretik elkarrekin bazkaldu genuen, nire errealitatea ezagutu nahi zuelako. Bera ama da; badaki zer den ama izatea. Orain ikasi du ama beste era batera izaten! Oso ondo eraman gara, baina bitxia izan da elkar ezagutzen genuela elkar ikusi aurretik.

Valeria Sorolla da beste protagonista. Harentzako ere bere lehen filma izan da.

Ondo moldatu gara, gustura. Ni nahiko lasai nengoen. Castingetako batean ezagutu genuen elkar. Castingetan hainbat neskarekin egin nuen lan, eta azkenean, Valeria aukeratu zuten, eta nik uste oso lan ona egin duela, ondo aukeratu dutela. Valeria da protagonista, eta film osoan dago; ez dago bera gabeko eszenarik. Berak bizi duena jasotzen du filmak. Nire eszenak bukatzen nituenean, zera esaten zidan: "Telmo, gaurkoa bukatu duzu, joan zaitezke etxera". Erantzuten nion ezetz, nik ez nuela joan nahi, oso gustura nengoela! Jarraitu nahi nuela han!

Esan duzun bezala, zu zarena erakusten du filmak. Erraza egiten al zaizu halako
filmeetan aritzea? Ez al duzu nahiago erabat fikziozkoa iruditzen zaizun pertsonaia bat lantzea?

Oso eroso sentitzen naiz. Aktore batzuek nahiago dute beraiek bezalakoak ez diren
pertsonaiak lantzea, hori hala da. Baina, bestetik, zure antzekoa bada pertsonaia, gertu sentitzen duzu, eta hori ere polita da. Guk ere nahi izaten dugu enpatizatu edo bestea ulertu, polita da hori lortzea, eta nik uste film honek enpatia lortzen lagunduko duela. Pertsonaiak atseginak dira, eta hortan laguntzen dute. Hori bai, bigarren film bat egingo bagenu, nahiko nuke amaiera alaiagoa izatea!

Zinemaldia erakusleiho handia da. Pentsatzen duzu baliagarria izango zaizula lan gehiago lortzeko?

Asko gustatu litzaidake, baina ez dakit. Nire egoeran, zaila da nire baldintzak dituen
pertsonaia bat lortzea. Aukera ateratzen bada, aprobetxatuko dut.