Andorrako eskubaloi selekzioak Zumaian jokatuko du igandean

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 15a, 17:00

Pulpoko infantil eta kadeteekin neurtuko dira Andorrako jokalariak.

Norgehiagoka berezia jokatuko dute Pulpo Eskubaloia klubeko kadete eta infantil mutilek igandean: Andorrako selekzioa izango dute aurkari goizeko 11:30etik aurrera Lubakin jokatuko diren bi partidatan. 11:30ean jokatuko da lehen partida, eta ordu eta erdi geroago, 13:00etan bigarrena. 

Pulpo Eskubaloiko presidente Iban Narbaizak azaldu duenez, Andorrako selekzioko hautagaia jarri zen harremanetan Pulporekin partida hauek jokatzeko. "Orain hilabete batzuk kontaktatu gintuzte. Andorrak eskubaloi selekzioa sortzeko pausoak ematen ari dira –hasiera batean mutilena bakarrik–, eta esan ziguten hona, Euskal Herrira, etorri nahi zutela stage bat egitera". 

Gaur helduko dira Euskal Herrira, eta igandera arte egonaldia Zarauzko Kanpinean egingo dute. "Hasiera batean Zarautzen jokatu nahi zituzten partidak, baina ez zen posible izan. Orduan, gurekin jarri ziren harremanetan. Hemen kiroldegiko pista erabiltzeko arazoak ditugula eta, ostiralean eta larunbatean Zestoako kiroldegian egingo dituzte entrenamenduak. Baina partidak, igandean, Zumaian jokatuko ditugu". Aurretik, larunbat arratsaldean, Zumaian izango direla gaineratu du Narbaizak, Olarro Eguneko ekitaldiez gozatzen.