Munduko Xake Txapelketan lehiatuko da Oier Sarasketa gaztea

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 16a, 11:00

12 urtez azpiko txapelketan ariko da xakelari zumaiarra, Georgian. Gaur hasiko da mundiala, eta guztira 11 partida jokatuko ditu hamabi eguneko epean.

Mapan Georgia aurkitzeko gai izango ote zen galdetu, eta Oier Sarasketa Irastortzak (Zumaia, 2010) berehala aurkitu du herrialdea horman zintzilikatutako planoan. "Orain gutxi ikasi dugu hori eskolan, geografiako klaseetan", esan du irribarrea galdu gabe. Inoiz Georgia bisitatzeko ametsik izan duen galderari, berriz, ezezko biribil batekin erantzun du 12 urteko xake jokalariak. Ametsak, baina, betetzeko daude, amets horiek inoiz bere burutik pasatu ez badira ere. Zumaiako Kbi xake klubeko kidea gaurtik aurrera Georgian jokatuko den 12 urtez azpikoen Munduko Xake Txapelketan lehiatuko da. Asteazken goizean atera zen Zumaiatik, eta ia 24 orduko bidaia baten ondoren heldu zen Itsaso Beltzaren ertzean dagoen herrialdera. Denera, 11 partida jokatuko ditu hamabi egunetan –atseden egun bat izango du tartean–, eta neurketa horietan guztietan puntu gehien lortzen duen xake jokalaria izango da munduko txapelduna.

Munduko txapelketa batean lehiatzea inolaz ere ez zuela espero esan du Oier Sarasketak, eta helburua xakeaz gozatzea eta esperientzia bizitzea duela. Gaur egun, mundu mailako rankingean 58. postuan dago zumaiar gaztea, baina Aitor Sarasketak –Oierren aita eta Kbi xake klubeko presidentea– aipatu du horrek ez duela ezer esan nahi. "Badaude xake jokalari asko, Indiakoak eta, rankingean Oier baino beherago daudenak, baina sekulako maila dutenak; edozein unetan irabazteko gai dira horiek". 160 xakelari inguruk hartuko dute parte Sarasketaren kategorian –neskak aparte ariko dira, eta han ehun bat parte hartzaile izango dira–.

Granadako Salobreñan (Espainia) jokatu zen Espainiako Txapelketan laugarren postua eskuratu ondoren suertatu zitzaion Sarasketari Munduko Txapelketan parte hartzeko aukera. Etxean ere sorpresaz hartu zuten txapelketa horretara joateko aukera, eta zalantza bat edo beste izan bazuten ere, azkenean parte hartzera animatu zuten. "Mundial batean parte hartzeko aukera zabaldu zaio, eta aprobetxa dezala. Guk 12 urterekin ez genuen halakorik izan, eta berak bai", esan du aitak. 

Munduko txapelketara begira prestakuntza berezirik ez duela izan azaldu dute biek, aitak zein semeak. "Justu kontrakoa. Garai honetan Donostiako txapelketa batean aritu behar zuen, baina Zumaian bizi den Bielorrusiako xakelari batek aholkatu zigun ez lehiatzeko; taktika pixka bat landu bai, baina partidarik-eta ez jokatzeko. Txapelketa gogorra izango da, eta atseden hartuta joatea gomendagarria zela esan zigun".

 
Kuriositateak bultzatuta

6 urte zituenean hasi zen Oier Sarasketa xakean jokatzen. "Etxean xakeko taula bat genuen, eta aitari galdetu nion ea zer zen. Hark erakutsi zizkidan xakeko piezen mugimenduak, eta hala hasi nintzen jokatzen". 

Pixkanaka hasi zen partidak jokatzen, txapelketetan eta xakeko sarietan parte hartzen. Baita irabazten ere. Denbora batez Erik Juez xakelari zarauztarra izan du irakasle, baina azkenaldian, maila hobetu duela ikusita, eta Juezek berak proposatuta, beste irakasle batzuekin hasi da lanean. "Argentinako xakelari batzuk ditu irakasle, eta online jasotzen ditu klaseak", gaineratu du Aitor Sarasketak. 

Inguruko herrietan xake klub indartsuak badaude ere, Zarautzen eta Azkoitian, esaterako, Oier Sarasketak ez du tentaziorik izan klub horietara joateko. "Nik etxean jokatu nahi dut, Zumaian", azpimarratu du xakelari gazteak. 

Haurraren progresioak Zumaiako Kbi xake kubaren sorrerarekin bat egin du, eta haren izenean aritzen da jokoan. Partida horietan bera baino dezente zaharragoak diren xakelarien aurka aritu da, baita askotan irabazi ere. Haur batek irabazi egin diela ikusita, adin nagusiko xakelari batzuk haserretu ere egin direla kontatu du zumaiar gazteak irribarre zabalarekin.

Zumaiako Futbol Eskolan ere aritzen da, eta futbola ere gustuko duela dio. Oraingoz bi jardueretan ariko da, nahiz eta batzuetan, asteburuetan bereziki, zaila izango duen biak partekatzea, egun berean, ordu berean, xakeko eta futboleko partidak izan ditzakeelako. 

Oraingoz xakearekin jarraitzeko asmoa duen galdetuta, baietz esan du gazteak.

Gastuei aurre egiteko  babesle bila

Babesleen logotipoak dituen elastiko berezia eramango du soinean Oier Sarasketak txapelketan. Jakin zutenean Georgiako munduko txapelketan lehiatuko zela, eta horrek kostu ekonomiko handia eragingo zuela, babesleak lortzeko deialdia egin zuen Kbik. "Oierrek bazuen dirua aurreratuta, eta guk beste hainbeste jarri genuen", esan du Aitor Sarasketa aitak. "Bere aitonak ere lagundu nahi izan du, eta Gipuzkoako Xake Federazioak ere laguntza txiki bat eman dio". 

Ez, ordea, Euskadiko Federazioak. "Haiekin harremanetan jarri ginenean esan ziguten ea zertara zihoan munduko txapelketara, 12 urte besterik ez zituela, eta aurrerago izango zuela aukera gehiago. Baina zeinek daki hala izango den? Zeinek daki ez duela xakea utziko? Orain dauka aukera", gaineratu du Kbi klubeko presidenteak. 

Babesleak aurkitzeko kanpaina horretan, Euskal Herriko hainbat enpresari posta elektronikoz mezuak bidali zizkieten, baita horietako batzuen erantzuna jaso ere. Horien irudia daraman elastikoa jantziko du txapelketan xakelariak.