Udazkeneko egitaraua prestatu du Zumaiako Emakumeon* Etxeak

Aritz Mutiozabal 2022ko ira. 15a, 09:30
Argazkia: Maria Maya Manterola

Zumaiako Emakumeon* Etxeak udazkeneko egitaratua prestatu du, eta irailetik abendura bitarteko ekimenen liburuxka kalean du jada.

Jabetze eskolaren barruan, hainbat tailer eta ikastaro antolatu ditu: Wikiloc eta mendi segurtasuna, Abdominalak egin arriskurik gabe, Gorputz sentsitiboa, Emakume basatiak, Txalaparta ikastaroa, Adinkeriak ez ditzala gure ametsak zapuztu! (gaztelaniaz), Batukada feminista eta Jarri gaitezen dramatiko.

Era berean, elkargune ezberdinekin jarraituko dute ikasturtean zehar: ama banaduentzako Banan Coffee saioa, Pala taldea eta Korrika taldeetan. 

Bestalde, egun osoko jardunaldi berezia egingo dute urriaren 22an Emakumeon* Etxean bertan, zaintzaren inguruan hausnartzeko. Horrez gain, bi hitzaldi antolatu dituzte udazkenerako: urriaren 16an, ekofeminismoaz ariko da Yayo Herro, eta azaroaren 16an Anna Freixasek adinekoen bizitza izango du hizpide. Biak gaztelaniaz izango dira.

Ikastaroetan izena eman nahi dutenek Zumaiako Emakumeon* Etxean egin dezakete, edo, bestela, haiekin harremanetan jarri daitezke, 633 43 27 62 telefono zenbakira deituta nahiz WhatsApp mezua bidalita edo info@zumaiakoemakumeonetxea.eus posta elektronikora idatzita.

Hemen kontsultatu daiteke antolatutako jarduerekin osatutako liburuxka.

Webgune berria

Irailetik abendura bitarteko egitaraua prestatzeaz gain, webgune berria ere sortu du Zumaiako Emakumeon* Etxeak. Eskainiko diren jardueren inguruko informazioa jaso daiteke bertan, baita etxeak eskaintzen dituen beste zerbitzuen berri ere.