Lucia Lacarra, Donostiako Aquariumeko 'Inmersión' erakusketan

Erakusketan parte hartu duten artistak, Aquariumean komunikabideen aurrean egindako aurkezpenean, atzo.

Atzo aurkeztu zuten "diziplina anitzeko erakusketa", eta itsasoaren eta itsas munduaren zaintzaren inguruan kontzientziak astintzera dator. 

Atzo aurkeztu zuten komunikabideen aurrean hilabetez Donostiako Aquariumean ikusgai egongo den Inmersión erakusketa. Gogoeta egin eta itsasoaren zaintzaren inguruan kontzientziak piztea xede, hainbat artista gipuzkoar bildu ditu proiektuak, eta horien artean da Lucia Lacarra dantzari zumaiarra. 

Hain zuzen, Matthew Goldingekin batera interpretatutako pieza baten grabazioa izango da ikusgai erakusketan. Fordlandia ikuskizunaren egokitzapena da Aquariumean ikusi ahal izango dena, eta plastiko hondakinen bidez itsas ingurunea degradatzeko gizakiak duen arduraren inguruan hausnartuko dute dantzaren bitartez. Dena den, baikortasun mezua zabaldu nahi dute, eta gizakiak bere akatsak zuzentzearen alde apustu egin. 

Lacarra eta Goldingekin batera, erakusketan parte hartu dute Isabel Zapardiezek, Patxi Zapirainek, Pablo Casaresek eta Patio publizitate eta marketin agentziak.