Mutrikuko zesta-punta txapelketan arituko dira Lopez eta Goikoetxea

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 14a, 12:50
Imanol Lopez, Gernikako txapelketako finalean. Argazkia: Markel Suarez

Lopez Eñautekin arituko da eta Goikoetxea Manzirekin. Bihar jokatuko dira txapelketako finalerdiak. 

Kalbario jaien barruan, profesional mailako zesta-punta jaialdia izango dute Mutrikun. Miruaitz frontoia eraberritu zutenetik jasotzen duen profesionaletako lehen partidak izango dira. Masterrak bi jardunaldi izango ditu: bihar, osteguna, finalerdiak jokatuko dira, eta bi egun geroago, larunbatean, final handia. 

Danok Bat klubak eta Gernika Jai Alai Professionalek antolatu dute Mastersa, eta bertan bi izen nagusitzen dira beste guztien gainetik: Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez zumaiarrak, hain zuzen. Bikotekide herriko bi puntista gazte izango dituzte: Eñaut Urreistik jokatuko du Lopezekin eta Mikel Manzisidorrek Goikoetxearekin. "Eñaut eta Manzi euren bidea egiten ari dira, apurka apurka profesionalen txapelketetan burua sartuz. Uda honetan hainbat partida jokatu dizute eta besteak beste Hossegorreko denboraldian hartu dute parte. Momentu honetan, Espainiako kluben arteko txapelketa ere ari dira jokatzen", informatu du Jai Alai News atariak.

Eñautek eta Lopezek Johan Sorozabal eta Zabala izango dituzte aurkari; Goikoetxeak eta Manzik, berriz, Arbe eta Salegi. Biharko partida 22:00etatik aurrera jokatuko da. Bi irabazleek finala jokatuko dute larunbatean 22:00etatik aurrera.