Junior Pro La Torche txapelketa irabazi du Annette Gonzalez Etxabarrik

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 12a, 14:25

Janire Gonzalez Etxabarrik irabazi zuen iaz txapelketa hau, eta aurten Annette ahizpak hartu dio lekukoa. 

QS zirkuituko proba izan da aurreko astean Frantzian, La Torchen jokatu zena. Surferako baldintza aproposak izan dituzte parte hartzaileek aurreko egunetan zehar. Lehiaketako azken egunean, atzo, jokatu ziren txapelketako azken txandak.

Zumaiarrak Maelys Jouault surflari frantziarra izan zuen aurkari txapelketa erabakiko zuen azken txandan. Olatuak ez ziren handiak izan, baina hala ere ikuskizuna eskaini zuten bi surflariek. Maila handian aritu ziren, eta bederatzi puntutik gorako olatuak surfeatu zituzten. Ez hori bakarrik, zazpi puntutik gorako olatuak ere egin zituzten. Bien arteko aldea txikia izan zen, baina azkenean Gonzalez Etxabarri izan zen irabazlea Joualten aurretik. 

Europe - 2022 Women's Junior Tourren buruan da gaur egun Janire Gonzalez Etxabarri, 2.300 punturekin, Maelys Joualten aurretik (1.895). Annette Gonzalez Etxabarri da sailkapenean hirugarren, 1.795 punturekin.