Pulpoko kadeteak txapeldunorde izan dira Gojko Vucinic Txapelketan

Gorka Zabaleta 2022ko ira. 12a, 11:02

Pulpoko kadete mailako nesken eta mutilen taldeek maila bikaina erakutsi dute asteburuan Elgoibarren jokatu den Gojko Vucinic Txapelketan. Finalera iritsi dira bi taldeak, baina Iruñeako Anaitasuna nagusitu zaie.

Maila handiko txapelketa jokatu dute asteburuan kadeteetako nesken eta mutilen taldeek Elgoibarren. Nafarroatik Anaitasuna eta Malkaitz taldeek hartu dute parte, eta Gipuzkoatik Eibar, Elgoibar, Urola (Zumarraga), Ereintza (Errenteria), Tolosa, Zarautz eta Pulpo. Guztira, 250 bat jokalari bildu dira Elgoibarren ostiraletik igandera, Elgoibarko Sanlok Gojko Vucinic jokalari ohiaren omenez antolatzen duen txapelketan.

Ostiralean, lehen jardunaldian, Eibarko taldea izan zuten aurkari zumaiarrek. Lehia estua izan zuten neskek zein mutilek, baina biek lortu zuten garaipena eta onenen arteko lehian segitzeko txartela. Neskek 22-20 irabazi zuten, eta mutilek 17-16. Larunbatean, finalerako txartela jokoan, etxeko Sanlo izan zuten aurrez aurre. Mutilek erraz irabazi zuten, 16-33; neskek, partida gogorra izan arren, aurretik izan ziren uneoro eta 12-15 nagusitu ziren. Bi taldeak, beraz, txapelketako finalera.

Finaleko erronkak handiak ziren, ordea. Iruñeako Anaitasuna egokitu zitzaien biei, maila goreneko kluba arlo guztietan. Nesken kasuan, aurkariak Espainiako txapeldun izan ziren iaz, eta Elgoibarko txapelketan ere ederki erakutsi dute aurkariak baino koska batzuk gorago daudela. Baina gogotsu ekin zioten zumaiarrek eta lehen zatian hortzak erakusteko gai izan ziren, defentsan sendo, erasoan arazo asko izan zituzten arren. 4-8ko emaitzarekin ekin zioten bigarren zatiari, bosgarrena ere egin zuen Pulpok ekin orduko, baina handik aurrera Anaitasunak ez zuen barkatu eta aldea handitu baino ez zuen egin partida amaieraraino. 9-24 bukatu zen, baina harro egoteko moduko txapelketa egin du Pulpok, eta Euskal Ligarako prestaketa lanak bide honetik doazela erakutsi dute.

Mutilen kasuan lehia askoz parekatuagoa izan zen. Partidako azken txanpara arte nor baino nor gehiago aritu ziren bi taldeak, erasoan zein defentsan, bakoitzak bere abildadeak ederki baliatuz. Bigarren zatiak aurrera egin ahala, baina, zumaiarrak nekea igertzen hasi ziren eta Anaitasunak ez zuen erritmoa jaitsi, jokalari guztiak ere maila bikainekoak izanik. Horrela, azkenean 15-19 irabazi zuten nafarrek.

Bi taldeak finalera iristeaz gain, bakarkako sariak ere izan dira zumaiarrentzat: Ander Moriana aukeratu zuten mutilen txapelketako jokalari onena, eta Ange Aizpurua nesken txapelketako atezain onena.