Txalo guztiak merezi dituen balentria

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 10a, 21:30
Joseba Azkarate, helmugara heltzean. Argazkia: Juan Luis Romatet

Ezgaitasunen bat duten kirolariei ateak ireki dizkie aurten Zumaiako Triatloiak. Hiru triatletek hartu dute parte Zumaiako hitzorduan eta hirurek bukatu dituzte beraien proba. 

Pausoz pauso, kirol egokitua ari da bere lekua hartzen kirol proben munduan. Gaur Zumaian jokatutako triatloian, esaterako, ezgaitasunen bat duten hiru kirolarik hartu dute parte, baita beraien probak amaitu ere. Antxintxika Oñatiko triatloi taldeko kide Alfonso Lopez proba herrikoian aritu da; Tokioko Joko Olinpikoetan aritu eta triatloia probatu nahi zuen Higinio Rivero, eta Antxintxikako Joseba Azkarate, berriz, esprint modalitatean. 

Kirolariek laguntzaileak izan dituzte une oro, triatloia osatzen duten hiru modalitateetan. Proba herrikoia hasi aurretik ekin diote lanari proba egokituko kirolariek: Rivero eta Azkarate abiatu dira lehenbizi, eta Lopez hogei minutu geroago. Itsas kiroldegi parean izan dituzte kirolari hauek beraien boxak, eta arrapalatik atera ondoren, pedalak eskuekin eragindako aulkietan egin dute bizikleta saioa. Amaitzeko, beste aulkietara eta lasterketako proba burutu dute.

Alfonso Lopez izan da proba herrikoiko irabazlea eta Saiatu Fundazioko kide Higinio Rivero esprint modalitatekoa. Azkarate bigarren izan da kategoria honetan. Denak ere txalo zaparraden artean heldu dira helmugara; bertaratu diren zaleek txalotu egin nahi izan dute.

Joseba Azkarare: "Erakutsi nahi dugu tetraplejia dugunok ere triatloia egin dezakegula"

Azkaratek tetraplegia du, eta Zumaiakoa izan du bere lehen triatloia. Espainiako Federazioan baieztatu diote munduan ez dagoela halako lesio mailarekin triatloi bat egin duenik, eta parte hartu bakarrik ez, bukatzea ere lortu du Azkaratek, hiru ordu inguru behar izan baditu ere. Oñatiarra pozik zen probaren amaieran egindako lanarekin: "Oso sentsazio onak izan ditut. Pausoz pauso joan naiz proba osoan: lehenik eta behin, uretan lasai; gero, handbike-a hartu eta berriro hutsetik hasi; eta beste horrenbeste amaieran, korrikako zatian. Neurtzen joan naiz uneoro. Tetraplejia dugunok erresistentzia badugu, baina indarra ez dugu. Beraz, hori erregulatzen joan naiz, eta ibilbideari tamaina hartu diot".

Alfonso Lopez bezala, Azkarate ere Antxintxika Triatloi Taldeko kidea da. Joseba Azkarateren esanetan, bere helburua da "erakustea tetraplejia dugunok ere triatloia egin dezakegula laguntzarekin eta lantalde on batekin. Beraz, jendea animatu nahiko genuke, agian, hiru kirolekin hasieran ez, baina batekin bai. Probatzen hasi eta mundura irteteko".

Oñatiko klubaren esker ona

Probaren amaieran, sari banaketaren unean, Antxintxika Triatloi Klubak bere esker ona erakutsi nahi izan dio Zumaiako klubari triatloi egokituari ateak zabaltzeari. "Oraingoz Zumaiakoa da triatloi egokituko probak antolatu dituena, eta espero dugu atzetik gehiago etorriko direla". Oñatiarrek oroigarri bat eta klubeko kamiseta bat oparitu diote Joseba Amilibia Zumaiako Triatloi Taldeko presidenteari.