Joanes Goitisolok eta Maddi Marquetek irabazi dute Zumaiako Triatloia

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 10a, 20:34

Simon Garcia eta Andrea Morras izan dira irabazleak super sprint edo proba herrikoian.

Eguraldia lagun zutela jokatu da gaur arratsaldean Zumaiako Triatloia. Pandemiak behartutako garai ilunagoiak utzi, eta bere osotasunean antolatu ahal izan du Zumaiako Triatloi Taldeak kirol jarduera hau: esprint modalitateko probaz gain, herrikoia ere egin ahal izan dute aurten.

15:30ean ekin diote proba herrikoiari. Triatletek 350 metro egin behar izan dituzte igerian, hamar kilometro bizikletan eta azken bi kilometroak korrika. Hasieratik hartu dute burua Errioxako Tritones klubeko kideek. Lehenak izan dira uretatik ateratzen, eta burua mantendu dute proba osoan zehar. Hala, irabazleak gizonetan zein emakumeetan klub horretakoak izan dira.

Gizonetan Simon Garcia izan da irabazlea 29:49 denborarekin; bigarren Alejandro Martinez izan da (30:34), eta hirugarren Peru Arregi (32:06). Emakumeetan, berriz, Andrea Morrasek lortu du garaipena, hiru probak 35:49 denborarekin egin eta gero. Bigarren Raquel Olmo izan da (36:47) eta hirugarren Martina Muro (37:09).

17:00etan hasi dute lana esprint modalitateko triatletek. Hauen kasuan, 700 metroko igeriketa saioa egin behar izan dute, hogei kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika. Probak irabazi dituzten kirolariak ez dira izan lehenak uretatik ateratzen, baina ondoren lortu dute aldea jan eta buruan jartzea.

Portugaleteko Alusigma Peñota Dental klubeko ordezkari Joanes Goitisolo izan da azkarrena Zumaiako Triatloia bukatzen, 56:58 denborarekin; bigarren Viveros San Anton txirrindulari taldean aritu eta orain Errioxako Tritones triatloi taldearekin aritzen den Xabier Labaka izan da bigarren, 58:13 denbora eginez, eta hirugarren Sestao Triatloi Taldeko kide Borja Martin, 59:06 denborarekin. Emakumeetan hirurak ere klub bereko ordezkariak izan dira, Saltoki Trikideak taldekoak, hain zuzen. Hirurek bat egin dute bizikletako modalitatean, eta erreleboak emanaz eta kolaboratuz heldu dira Gernika parkean jarritako boxetara. Amaieran, Maddi Marquet izan da irabazlea, 1:06:02 denborarekin. Bigarren Marina Etxenike izan da, 1:07:08 denborarekin, eta hirugarren Malen Arrieta, 1:08:22 denbora eginez. 

Maddi Marquet: "Nire buruari esan diot aurrera egin behar nuela"

Maddi Marquet donostiarra ezin pozago zegoen behin triatloia irabazi ondoren. Aurretik ere parte hartu izan du Zumaiako proban, baina behin Uxue Ostolaza izan zuen aurretik, eta iaz Helene Alberdi. Aurten ez, aurten berak lortu du garaipena. "Oso pozik nago. Hasieran, igeriketako proban kostatu egin zait erritmoa hartzea. Buru jarri direnak joaten ari zirela ikusi dudan arren, ez zidaten alde askorik ateratzen, eta nire buruari esan diot aurrera egin behar nuela. Beraz, atzetik aurrera eginiko lasterketa izan da", adierazi du Marquetek. 

Zortea ere izan du. Izan ere, igerian aurretik zihoazenak taldekideak zituen. "Badakit ni baino gehiago direla igerian, baina buruz indartsu aritu naiz. 'Ez etsi eta segi aurrera', esan dut nire kolkorako, eta oso gustura nago lorpenarekin".

Joanes Goitisolo: "Irabaztea edo ez, helburua gozatzea da"

Joanes Goitisolok ere aurrez ezagutzen zuen Zumaiako Triatloia; aurretik ere aritu da proba honetan. "Aurtengoa laugarren aldia izan da Zumaiako Triatloi proban lehiatu naizena, eta ahal dudan guztietan etortzen naiz. Lasterketa oso polita da, izan ere, jende guztiak egiten du bat, antolakuntza ikaragarria da eta plazera da hona etortzea", goraipatu du Portugaleteko klubeko kideak.

Igeriketa saio ona egiteak ondoren garaipena lortzen lagundu diola adierazi du Goitisolok. "Nahiko ondo egin ahal izan du igerian, sarrera ona egin eta txukun kokatu bainaiz. Horrek jada bosgarren-seigarren postuan irteteko aukera eman dit, eta bizikletako zatian berehala harrapatu dut lehen partaidea. Laguna nuenez, elkarrekin osatu dugu txirrindularitzako ibilbide osoa. Abantailarekin jaitsi garenez, horrela burutu dugu proba". azaldu du.

Antolakuntzaren lana azpimarratu nahi izan du esprint modalitateko irabazleak: "Irabaztea edo ez, helburua gozatzea da. Ikustea jende asko dagoela atzetik lana gogotik egiten lasterketa aurrera ateratzeko, sekulakoa da, eta horregatik etortzen gara".