Ion Zendoiak irabazi du Itzurungo I. Pala Txapelketa

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 10a, 11:30

Aurten lehenengoz antolatu dute pala txapelketa Larretxo auzuneko frontoi txikian. Atzo arratsaldean jokatu zituzte lehen edizio honetako azken partidak. 

Palak eskuzko txapelketari lekukoa hartu dio Itzurungo frontoian. Pandemia heldu arte eskuz binakako txapelketa herrikoia jokatu izan da Larretxo auzunean dagoen pilotaleku txikian. Aurten, baina, ez da eskuzko modalitateko partidarik jokatu, bai, ordea, palazkoak. Azken asteotan jokatu den banakako pala txapelketaren azken partidak jokatu ziren atzo arratsaldez.

Finalean Ramon Cabaleiro eta Ion Zendoia neurtu ziren. Hasieran huts dezente egin zituzten bi pilotariek, baina neurketak aurrera egin ahala tanto borrokatuagoak ikusteko aukera izan zuten frontoira bertaratu ziren lagunek. Zendoia hasieratik jarri zen markagailuan aurretik (3-1, 8-3, 10-6), eta bazirudien berak jantziko zutela garailearen txapela. 16-8 ere jarri zen aurretik Zendoia, eta Cabaleirok hiru tanto jarraian egin bazituen ere, azken biak, erabakigarriak, Zendoiaren alde erori ziren. 18-11 emaitzarekin irabazi zuen partida, baita txapelketa ere.

Aurretik hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu zuten Gorka Segurolak eta Ibon Ruizek. Segurolak hasieratik hartu zuen partidako agintea eta 10-5 emaitzarekin jarri zen aurretik. Ruiz saiatu zen erreakzioa izaten (11-8), baina Segurola izan zen hirugarren posturako borrokan garaile (18-11).