Gimnasioa inauguratu dute Arroa Behean

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 5a, 17:30
Joan den ostegunean ireki zituzten Arroabeko gimnasioaren ateak, herritarrek instalazio berriak ezagutu zitzaten. (Mailo Oiarzabal)

Herritar batzuen ekimenez eta Zestoako Udalaren laguntzarekin, eskola zaharraren jantokia zena egokitu dute zerbitzu berria emateko. Joan den ostegunean ireki zituen ateak inauguraziorako, eta erabilera araudia eta beste xehetasun batzuk borobiltzeko dituzten arren, erabilgarri dute arroarrek gune berria.

Arroa Behean beste zerbitzu bat martxan dute dagoeneko. Joan den astean inauguratu zuten gimnasioa, eta erabilera araudia eta beste xehetasun batzuk borobiltzeko dituzten arren, erabilgarri dute arroarrek gune berria. Eskola zaharraren jantokia zenean jarri dute gimnasioa.

Ariketa fisikoa eta kirol jarduerak gustuko dituzten herritar batzuen ideiaren emaitza da kirolgunea. Arroa Behean gimnasio bat izateko aukera ikusita, eta hainbat lokal publiko hutsik eta erabilerarik gabe zeudela kontuan hartuta, horietako bat erabiltzearen aukera aztertzen hasi ziren duela urtebete inguru Arroa Beheko bizilagun batzuk. Bidean, Zestoako Udalarekin harremanetan jarri ziren, Arroa Beheko herritarrei zuzendutako zerbitzu berria bideragarri izan zedin. Udalak utzi die lokala, argindarra eta ura berrezarrita, eta Zestoako kiroldegitik kendutako makina batzuk ere eman ditu Arroa Beheko gimnasioan erabili ahal izateko. Horietako batzuek ez dutela funtzionatzen zioten atzo inaugurazioan, “eta ez dakigu nork edo nola konpondu”; baina makina gehiago ere badira kirolgunean, herritarrek beraiek emandakoak. Lokala auzolanean txukundu eta egokitu dute; besteak beste, aldagela bat eta dutxa ere badituzte, momentuz ur berorik ez duten arren. Badira, beraz, osatu eta zuzendu beharrekoak gimnasio berrian, “baina erabiltzeko moduan” dagoenez, martxan jartzea erabaki dute.

Gaur egun, ia hogeita hamar laguneko taldea dago dagoeneko gauzatu den proiektuaren bueltan eta gimnasio berria erabiltzeko gogoz; eta erabilera araudia-eta zehaztutakoan finkatuko dutenaren zain, horiek dagoeneko ari dira momentuz “sinbolikoa” den diru ekarpena egiten. Dena den, gimnasioa erabili nahi duten Arroa Beheko lagun denentzat izatea da asmoa, eta horrela nabarmendu nahi izan dute sustatzaileek.