Datorren asteko jaiegunetan udal zerbitzu asko ez dira erabilgarri egongo

Onintza Lete Arrieta 2022ko ira. 3a, 16:00
Alondegia kultur etxeko liburutegia.

Udaletxea, Alondegia, Branka eta Gizarte Zentroa itxita egongo dira irailaren 5ean, 6an eta 9an, eta kiroldegiak jaiegunetako ordutegia izango du.

Jaiegunez betetako astea izango da hurrengoa, irailaren 6a eta 9a jaiegun ofizialak direnez gero. Hala, udalak jakinarazi du udal zerbitzu gehienak itxita egongo direla astelehenean, asteartean eta ostiralean. Udaletxea, Alondegia kultur etxea, Branka eta Gizarte Zentroa itxita egongo dira hiru egun horietan; hau da, irailaren 5ean, 6an eta 9an. Alondegia larunbatetan irekita egon ohi da, baina itxita egongo da hilaren 10ean.

Kiroldegian, berriz, jaiegunetako ordutegia izango dute. Honakoa: irailaren 6an eta 9an 07:30etik 13:00etara egongo da zabalik eta irailaren 5ean, berriz, 06:30etik 13:00etara.

Beste zerbitzu batzuek betiko martxan jarraituko dute: Udaltzaingoak ohiko ordutegia izango du, eta Turismo Bulegoak udako ordutegiarekin jarraituko du.

Bestalde, zirkulazioan ere aldaketak izango dira hilaren 6an, Elkanoren Egunean, Getarian Elkanoren Lehorreratzea antzeztuko dutenez.