"Uraren eskarian, beharrak eta nahiak desberdindu behar dira"

Ane Zabaleta, artxiboko irudian.
Ane Zabaleta geologo eta ikerlariak dioenez, uraren zikloan oso garrantzitsua da lurraldearen kudeaketa, ura ez baita zuzenean pasatzen prezipitazioetatik hornidura sistemara: "Lurraldearen erabilera guztiek ez daukate eragin bera".

Ane Zabaleta Lopetegi (Zumaia, Gipuzkoa, 1978) geologoa da, zientzietako doktorea, EHUko irakaslea, eta ikerlari lanetan aritzen da EHUko Hidrogeologia eta Ingurumen Taldean. Hainbat ikerketa egin ditu ur baliabideen inguruan.

Euskal Herrian ba al dago arazo bat urarekin?

Beti pentsatu dugu hemen uraren arazorik ez dagoela, baina aurten oso bistan geratu da momentu jakin batzuetan arazoak sortzen direla. Eskualde batzuetan, arazo horiek lehenagotik datoz, eta aurrera begira gero eta gehiago gertatuko dira, klima aldaketan adituak direnek diotenez. Bada momentua pentsatzeko zeintzuk diren arazo horiei aurre egiteko alternatibak.

Pentsatzen dut uraren kantitatearen ikuspegitik eginda dagoela galdera, baina kalitateari ere erreparatu behar zaio, hor ere arazoak sor daitezke eta.

Lurraldearen kudeaketak eragina izaten du uraren kantitatean eta kalitatean?

Batzuetan pentsatzen dugu euria eginez gero ura daukagula, eta euririk egiten ez duenean hasten direla arazoak. Baina kontuan hartu behar dugu euria ez dela zuzenean deposituaren gainean erortzen: ura lur gainean erortzen da, eta hortik pasatzen da ura biltzeko sistemara iritsi aurretik. Prezipitazioa ur baliabide bilakatzeko bide horretan, oso garrantzitsua da lurraldea, eta hori nola kudeatzen den. Lurraldearen erabilera guztiek ez daukate eragin bera baliabide horietan.

Adibidez?

Landare belarkarek askoz ur gutxiago kontsumitzen dute zuhaitzek baino. Bestalde, abeltzaintza estentsiboa galtzen ari den honetan, gure larreetako asko basotzen ari dira. Eta ez da berdina lasai eta denboraz hazitako zuhaitz helduak dituen ingurune bat, edo hazkunde azkarreko plantazioak, gero eta urte gutxiagoko errotazioetan mozten diren zuhaitzekin. Horiek ur asko kontsumitzen dute, ur hori lurretik hartzen dute, eta, beraz, ez da iristen ibaietara eta hornidura sistemetara.

Eta uraren kalitatearen aldetik?

Askotan ikusten dugu gure errekak marroi daudela. Horrek bi irakurketa ditu: alde batetik, kalitatea galtzen dugu, eta ur horiek ezin dira hornidurarako erabili; eta, beste aldetik, kolore marroi hori lurzorutik dator, zeinak ura belaki baten moduan gordetzen duen. Bi baliabide ari gara galtzen hor, ura eta lurzorua.

Irakurri elkarrizketa osorik.