iF: “Nire lanetan eztabaiden eta harremanen bitartekari izatea dut gustuko”

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 2a, 16:30

iF Matxikote Jorajuria (Uztaritze, 1977) artistak Er(r)otik erakusketa zabalduko du gaur arratsaldean Alondegiko Oxford aretoan. Kolorez betetako margo handi bezain indartsuek, eta Berria egunkario Hitza gehigarrirako sortutako marrazkiek osatzen dute irailaren 18ra arte bisitatu ahal izango den erakusketa. 

Handiak ez, erraldoiak dira iF-ek Er(r)otik erakusketarako sortutako lanak. Bat izan ez ezik, beste guztiak espresuki erakusketa honetarako sortu ditu Lapurdiko artistak. Horietako bat pasa den ostiralean amaitu zuela dio. Obra hauek behin gelaren ezaugarriak ikusi ondoren sortu dituela azaldu iF-ek. “Ni, gainera, obra oso handien zalea naiz”, dio.

Gai sozialek garrantzia berezia dute Uztaritzeko artistaren obretan. “Nire lanetan eztabaiden eta harremanen bitartekari izatea dut gustuko, eta, beraz, gai sozialak eta ukitzen nautenak jorratzen ditut. Eskubideen inguruko gaia lantzen dut; bada hori nire obraren hari bat, direnak askatasuna eta eskubideak”. Errefuxiatuen drama, klima aldaketa, puri purian dauden gaiek osatzen dute Er(r)otik erakusketako margolan handiak. “Aktualitateko gaiak hartzen ditut, eta zeharka lantzen ditut. Denbora berean, erakutsi nahi dut gertakari horiek dauden bitartean ere batzuoi gure hizkuntza eskubideak urratzen zaizkigula. Horregatik, askotan, ahoak estalita agertzen dira. Adierazi nahi dut hori dena gertatzen ari den bitartean euskaraz egiteko eskubidea urratzen zaigula”.

Horiez gain, Berria egunkariko Hitza gehigarrirako sortutako lanak ere erakutsi nahi izan ditu artistak erakusketa honetan. Aretoko hormetan jarri ditu lan hauek. Tamaina txikiko obra hauek mihizeetan landutoaren oinarri edo abiapuntu izan dituela azaldu du iF-ek. “Aktualitatea eta nire baloreak nahasteko pista eman zidan, era figuratibo eta abstraktuagoan lantzeko. Abstraktua diot, nire obrek beti dute oinarri oso konkretua. Gaia ezagutu gabe pentsa dezakezu abstraktuak direla, baina zentzua eman behar diot, zerbait azaltzeko eta hitz egiteko oinarria izan behar du”. 

Galdetuta ea tamaina txikiko lanetatik handirako pausoa zaila egiten zaion, alderantziz dela erantzun du iF-ek. “Lizeoan batxilergoa eta arte plastikoak ikasi nituen, eta orduan ere gauza eraman ezinak egiten nituen, oso handiak. Gela osoa okupatzen nuen! Arte Ederretan hasi nintzenean ere erakutsi nuen obra mexikar margolan batean oinarritu zen, eta hura ere oso handia zen. Zaletasun hori betidanik izan dut. Monumentuak ere egin izan ditut erorientzako, eta txikiagoa lantzen dudanean ilustrazio aldetik noala esango nuke. Berriari esker hasi nintzen ariketa honetan, eta dagoeneko hiru urte daramatzat lan hau egiten”. 

Txikidanik izan du iF-ek arterako zaletasuna. “Besterik ez nuen ikusten. Denbora batean, nituen arazo batzuengatik, utzi egin nuen, eta hor beste bide bat hartu nuen, denborarekin osagarria bihurtu dena. Grafikagintzan hasi nintzen, eta militantzian ere murgildu nintzen. Arte Ederrak egitera Frantziara joan behar izan nuen, eta hor piztu zitzaidan nire euskaltasunaren behar hori. Ikasteaz gain, herriko mugimenduetan-eta murgildu nintzen, gazte mugimenduetan eta. Marrazten eta jarraitzen nuen, baina 2009an erabaki nuen artea berriro ere sakon lantzeko. Hor hasi nintzen militantzia eta artea uztartzen”. 

Estilo edo teknika batean geratzearen oso zalea ez dela dio artistak; ateak berrikuntzetarako zabalik dituela dio. “Badut kezka bat eta da iruditzen zaidala dena asmatuta dagoela. Gero, teknika batekiko dependentzia hori ere ez zait gehiegi gustatzen, ezta ezaguna dudan zerbaitetan ixtea ere. Maite dut eraldatzea, maite dut aniztasuna, eta 2009-2010 hartan hasi nintzen berriro praktikatzen, eta uste dut orain lortu dudala zerbait nirea, artelan anitzak osatuz osotasuna ematen diona nire baloreei, ametsei, bizitzen dugunari, edo agian utopiei”. 

Erakusketa irailaren 2tik 18ra izango da zabalik, egunero, 18:30etik 20:30era. Asteburuetan eta jaiegunetan zabalik izango da eguerditan ere, 12:30etik 14:00etara.