Iaz baino parte-hartze handiagoa izango du aurten Zumaiako Triatloiak

Maria Maya Manterola 2022ko ira. 2a, 09:00
Iazko probaren hasierako unea, itsas kiroldegiaren parean. (Arnaitz Rubio Aprea)

Antolatzaileek espero dute 500 parte hartzaile inguru izango direla irailaren 10eko proban.  15:00etan hasiko da proba herrikoia; 17:00etan abiatuko dira federatuak.

“Azken asteko kontuak” salbu, guztia prest du antolakuntzak irailaren 10ean jokatuko den Zumaiako Triatloirako. Esprint distantziako eta kategoria herrikoirako izen ematea “arrakastatsua” izaten ari da Joseba Amilibia antolatzailearen hitzetan, baina oraindik ere eskura daitezke bi kategoriatako dortsalak. Guztira, 500 parte hartzaile inguru izango dira aurtengoan –350 izan ziren iaz esprint distantzian soilik jokatu zen proban–. 

Proba herrikoiari 15:30ean emango diote hasiera, eta 350 metro egingo dituzte igerian, 10 kilometro bizikletan eta azken 2,5 kilometro korrika. Federatuek, berriz, 17:00etan hasiko dute lasterketa. Esprint modalitatean, 750 metro egingo dituzte igerian, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika. 

Duela hiru urte jokatutako probarekin alderatuta, aldaketa bat izango dute federatuek ibilbidean, eta saltaka bi itzuli egin beharrean, bakar bat egingo dute, luzeagoa. Nahiz eta leku beretik bi aldiz pasatzeak “giro politagoa” sortzen duen ikusleen aldetik, aurtengoa parte hartzaileentzat egokiagoa dela uste du Amilibiak. Bizikletan egin beharreko ibilbidea mantentzearen aldeko apustua egin dute aurtengoan ere: “Ez da aldapatsua, eta beti mantendu da ezaugarri hori, emakumezko gehiago izaten direlako horrela. Hori da emakumezkoen parte hartzea sustatzeko jartzen dugun gure aletxoa”. 

Berrikuntza nagusia, ordea, parte hartzaileetan izango da aurtengoan. Izan ere, desgaitasuna duten hiru pertsonak parte hartuko dute Zumaiako proban. Amilibiaren esanetan, bakoitza kategoria batean arituko da –Alfonso Lopez eta Tokioko Joko Olinpikoetan aritu eta triatloia probatu nahi duen Higinio Rivero piraguista herrikoian, eta Joseba Azkarate esprint modalitatean–, eta horiek parte hartu dezaten ibilbidea egokitzeko lanetan aritu dira azken hilabeteotan. Dena den, “lasterketa hasi aurretik asko irabazi” dutela irizten dio Amilibiak: “Motibazioan eta osasunean irabazi dute bi pertsona horiek, eta asko da hori. Lasterketa ongi ateratzea besterik ez zaigu geratzen”. 

Lopez eta Azkarate gainerakoak baino lehenago irtengo dira: 15:00etan emango dio hasiera Azkaratek Arbustaingo arranplan igeriketa probari; Lopez, berriz, 15:15ean abiatuko da Txomin Agirre kaiako pantalanetik itsas kiroldegirantz. Antolatzaileek bertaratzera gonbidatu dituzte zumaiarrak, “herritarren bultzada hasieratik jaso dezaten”. 

Probaren egunean bertan zenbait herritar eta Zarauzko zein Getariako triatloi taldeetako kideak arituko dira boluntario lanetan. Dena den, jende gehiagoren laguntza beharko dutela uste dute antolatzaileek, eta horretarako prest dauden herritarrak Zumaiako Triatloi Taldearekin jar daitezke harremanetan, zumaiako.triatloi.taldea@gmai.com posta elektronikora mezua bidalita.