Unai Uranga: "Oso gustukoa izan da herrian jokatzea, hainbeste jenderekin"

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 1a, 10:31
Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea

50. Dinastia Etxabe txapelketaren barruan, lehendabizikoz, zesta-punta partidak jokatu dizute. Urangak (Zumaia, 1994) irabazi du txapelketa Julen Basterrarekin bikotea osatuta.

Dinastia Etxabe txapelketa irabazi berri duzu, zesta-punta modalitatean. Pozik egoteko baduzu arrazoia.

Dinastia Etxabe txapelketan aurten jokatu da lehen aldiz zesta-puntan. Zumaiako lau puntista aritu gara bikote desberdinetan banatuta, eta egia esan, lau bikote nahiko indartsu izan gara. Uda honetan ez dut ia entrenatu ere egin, eta pixka bat goiz harrapatu nau txapelketak. Gero, jokatzen hasita, ez dira oso partida onak atera; huts askoko neurketak izan dira, baina ondo ikusi dut nire burua. Zorte pixka bat ere izan dugu, eta azkenean txapela lortu dugu. Herrian jokatze hori ere, gainera ikusle askorekin, gustukoa izan da.

Ez al duzu presio berezirik sentitu herrian jokatuta?

Alderantziz. Herrian jokatzeak eta frontoian hainbeste jende ikusteak motibatu egin nau. Munduko txapelketa baten finala balitz, agian sentituko nuke presio hori, baina Dinastia Etxabe txapelketa, nahiz eta izena baduen, ez da gure helburuen barruan sartzen. Denboraldia hasteko modu polita izan da.

Pozgarria ere izango zen herriko puntistekin gogoratzea txapelketaren 50. urteurrena antolatu dutenean, ezta?

Bai, bai. Azken finean, txapelketak badu sona edo izena eta gu ere horren parte izatea pozgarria da. Gazteak ere atzetik datoz, indartsu gainera, eta ni geratu naiz klubeko beterano gisan. Entrenamenduetan-eta gazteei kaña pixka bat sartzen saiatzen gara. Jon Barrondo andoaindarra dugu orain entrenatzailea, eta lan ona egiten ari da. Teknikoki hobetzen lagundu digu. Bestalde, Iñaki [Osa Goikoetxea], Imanol [Lopez] eta Gotzon [Enbil] gurekin entrenatzera etortzen dira, eta horrek ere asko laguntzen digu.

Zumaiako lau puntistak hartu duzue parte txapelketan, baina lau bikotetan banatuta.

Beste pilotari batzuekin jokatzea polita da. Urte osoa egiten dugu geure artean jokatzen eta bikoteak osatzen, eta halako txapelketetan nahasita jokatzea ondo dago. Julen Basterra izan dut bikotekide Dinastia Etxaben. Hondarribikoa da, ez genuen aurretik inoiz elkarrekin jokatu eta nahiko ondo moldatu gara; mutil gaztea eta langilea da.

Nola gogoratzen dituzu txapelketako partidak?

Agian, kanpotik beste modu batera ikusiko zen, baina oraindik erritmoa hartu gabe nengoela sumatzen nuen, motel antzera. Partiden hasierak, izerditan hasten nintzen arte, kostatu egin zitzaizkidan. Udan gutxi jokatuta nengoen, eta besoa fresko sumatu nuen, baina mugitzeko orduan kostatu zitzaidan erritmoa hartzea. Urtean zehar joko hobea ematea espero dut.

Eta, finala?

Ez genuen gure jokoa egin, ez beste atzelariak ez nik. Piloteoan baino, aurrelariak baztertzera egin genuen. Joko oso polita ez genuen egin, baina eraginkorra izan zen: pilotakada gutxirekin tantoak alde batera edo bestera erori ziren. Bukaeran emozio pixka bat ere izan zen, eta jendea gustura ikusten zen frontoian. Behin partida bukatuta, pilotazaleek egindako lana eskertu ziguten. Eskuzko partidak ikusten dituen jendea zen batik bat frontoian, eta esan ziguten urte asko zirela ez zutela zestako partida bat ikusi zuzenean. Telebista bidez akaso bai, baina zesta-punta zuzenean ikustea desberdina da. Beste abiadura bat eta beste zarata bat sumatzen dira zuzenean.

Dinastia Etxabe txapelketaren datorren urteko edizioan zestako modalitatea izango al da?

Niri ez dit inork ezer esan. Baina gu prest egongo ginateke jokatzeko, are gehiago ikusleek nola erantzun duten ikusita. Ez dakigu jarraituko ote duen ala aurtengoa zerbait puntuala izan den.

Udazkenean hasiko da zuen denboraldia, ezta?

Gonbidapen bidezko txapelketa batzuk jokatzen ditugu udan — Berriatuan edota Markina-Xemeinen jokatu dute Zumaiako gazteek—, baina bestela, udan atsedena hartzen dugu. Donostiako txapelketa bat jokatzeko aukera izan nuen, baina uko egin nion aurreko denboraldia besoko minez bukatu nuelako. Atseden hartu nuen, bestela ez nuke ondo hasiko denboraldia.

Orain zezenak harrapatuko gaitu, beti bezala. Datorren astean hasiko da Gipuzkoako Txapelketa, eta Espainiako Txapelketarako kanporaketa aurrekoa ere izango dugu Olarro Egunaren bueltan. Hortik aurrera, ekainera edo uztailaren hasierara arte geratu gabe arituko gara, txapelketa bat bestearen atzetik dugula. Gure helburua Gipuzkoako Txapelketa irabaztea da, eta Euskadikoan borrokatzea: bi urtez jarraian Euskadiko txapeldunorde izan gara, eta arantza hori atera nahi dugu.

Nola ikusten duzu zesta-puntak bizi duen panorama?

Gazteek badute orain txapelketa batzuetan-eta aritzeko aukera, aurretiko fase batzuk jokatuta. Guk ez dugu aukera hori izan aurten. Zaila ere bada: oso ondo jokatzen duen jende gazte asko dago. Agian guri ere iritsiko zaigu aukera hori. Nork daki! Gure kategorian jokatzen gustura nago; presio handirik gabe jokatzea ere ondo dago. Ameriketako frontoiak itxi ondoren,hona etorritako pilotari batzuk ere gurekin aritu dira lehian, eta horrek ere zesta-puntako maila gehitu du. Hala, txapelketa bat irabazteak meritu gehiago du.

Orain, Daniako (Florida, AEB) frontoian bi hilabeteko denboraldi txiki bat antolatuko dute; abenduan eta urtarrilean jokatuko da, eta hemen gurekin aritu diren batzuk hara joatekoak dira. Halako gauza txikiekin, eta maila pixka bat hartuta, aukerak etorriko dira. Ez naiz nigatik ari, atzetik datozenengatik baizik, ilusio hori izan dezaten.

AEBetara joateko itxaropenik ba al duzu?

Ez dut horretan pentsatzen, niretzako ez da erronka bat, beste batzuentzako baden bezala. Enpresa batean bospasei urte noa lanean, turnoka, eta ez dut astero entrenatzeko aukerarik. Kirola modu lasaiagoan hartzen dut, presiorik gabe. Baina, azkenean, maila bat duzunean, eta aukera hori heltzen zaizunean, ez diozu ezetzik esango. Baina hara joatea ez dut erronka bezala hartzen. Agian, orain zortzi urte, mugimendu handiagoa ikusten nuenean, izango nuen, baina orain ez. Ez dut kirola era horretan ikusten; kirola disfrutatzeko da. Gorputzak irauten duen bitartean jarraituko dut.

Puntista gisa zein da zure indargunea?

Intentsitatea, partida osoan sendo egotea eta une klabeetan huts gutxi egitea. Lasaitzen naizenean huts gehiago egiten ditut; baina nire ezaugarria intentsitatea dela esango nuke. Bikotekideari ere asko laguntzen diot hitz eginez.

Eta, aurrelari bati zer eskatzen diozu?

Aukera garbiak dituenean tantoak egitea, eta pilota txar asko kentzen badizkit, hobe.

Zein pilotarirekin izan duzu harreman estuena?

Jokatu dudan pilotari guztiekin moldatu naiz ondo. Esango nuke harremanetarako pilotari erraza naizela.