Delteco Zumaiako mutilek ez dute lortu Kontxara sailkatzea

Mireia Galarza Bastida 2022ko abu. 31a, 20:15

Telmo Deuneko mutilak hamazortzigarren postuan gelditu dira sailkapen orokorrean, 21:10,92ko denbora lortuta. Bihar, aldiz, nesken txanda izango da.

Aurreikuspen denak bete dira: Orio Orialki eta Getaria Donostiako Estropadarako sailkatu dira. Zumaiak, aldiz, ez du lortu Kontxara sailkatzea.

Eusko Label Ligako sailkapeneko lehen postuetan kokatuta dauden beste traineruek ere ez dute hutsik egin, eta horiexek sailkatu dira inolako arazorik gabe. Hondarribiak egin du erlojupeko denborarik onena (19:43,72), eta bigarren sailkatu da Zierbena, 20:00,26ko denbora eginda. Orio izan da hirugarren, eta laugarren Getaria. Mirotzen kasuan lehenengoek baino 19 segundu eta 54 ehunen gehiago behar izan dituzte helmugaratzeko (20:02,74). Getariarrek, aldiz, 21 segundu eta 84 ehunen gehiago (20:05,56).

Ondorioz, zuzenean sailkatuta dagoen Donostiarra etxeko taldearekin batera, ondorengo zazpi ontziak ariko dira Kontxako Bandera eskuratzeko lehian: Hondarribia, Zierbena, Orio, Getaria, Urdabai, Kaiku eta Ondarroa; hurrenkera horretan sailkatuta.

Besteak, kanpoan

Zumaiarekin batera, Zarautzek ere ez du Kontxarako txartelik lortu. Saiatu saiatu dira, baina ezinezkoa izan da lehen zazpi postuetan sailkatzea. Zarauztarrek hamabosgarren postuan bukatu dute, 20:56,42 denborarekin. Zumaia, berriz, hemezortzigarren sailkatu da (21:10,92).